Bilbao Petronor Eko Rallyak Zumarragan geldialdia egingo du bihar arratsaldean
Herritarrek rallyan parte hartuko duten autoak ikusteko aukera izango dute, 19:30etik 22:00era, trintxeran. Autoetako batek Zumarragako Tokiko Energia Komunitatearen publizitatea eramango du.
Bilbao Petronor Eko Rallyak Zumarragan geldialdia egingo du bihar. Herritarrek rallyan parte hartuko duten autoak ikusteko aukera izango dute, 19:30etik 22:00era, trintxeran. Autoetako batek Zumarragako Tokiko Energia Komunitatearen publizitatea eramango du (argazkiko auto txuriak).
Rallya bihar hasiko da eta igandean amaitu. 52 auto elektriko eta hibridok parte hartuko dute: 44 elektrikoak izango dira eta zortzi hibridoak. Euskal Herriko, Estatu espainiarreko, Belgikako, Txekiar Errepublikako, Poloniako, Estatu frantziarreko, Portugaleko eta Italiako pilotuek parte hartuko dute. Antolatzaileek ezarritako batez besteko abiaduratik ahalik eta gertuan ibiltzea eta gutxi kontsumitzea sarituko da.
Bilbotik abiatuko dira. Lehen etapa Zumarragan amaituko da, bigarrena Gernikan eta hirugarrena Bilbon. Biharko eta etziko etapak Energia Alternatiboen Espainiako Lehiaketarako eta FIA Eco Rally Cup lehiaketarako puntuagarriak izango dira.
Lehiaketa hau Bizkaiko motorzaleen elkarteak antolatzen du, Bilboko Udalaren eta Petronor enpresaren babesarekin eta Basquetour-en lankidetzarekin. Datorren urtean hidrogenoarekin dabilen auto batek parte hartzea espero dute.
Gaur aurkezpena egin dute Zumarragan. Eneko Conde pilotuak antolatzaileei, erakundeei eta babesleei eskerrak eman dizkie. “FIA Eco Rally Cup txapelketako lidergoan helduko gara Zumarragara. 15 puntuko aldea dugu eta ea eusten diogun. Azken probak Bilbokoa, Montecarlokoa eta Dolomitetakoa izango dira”.