Emozioak Goierriko artisten ipar
Goierriko eta Hernaniko 21 artistak 'Emozioak' izenburupean erakusketa dute jarrita Ordiziako Barrena Kultur Etxean, urriaren 7ra arte. Javi Soto ordiziarra da proiektuaren bultzatzailea.
Emozioak, sentitzen duguna, omen dira gure jokabidearen ipar. Emozioek susma ezineko kontrol eta oreka eremua irekitzen digute organismoan egoera berrien aurrean etengabe moldatu beharrean aurkitzen garenean. Esaten da, haurra, dena emozioa dela, dena sentimendua, dena zirrara, dena gorputza… Helduok, hartzen ditugun erabakietan ere, emozioek agintzen omen dute, baina proportzio txikiago batean.
Barruko haurra ateraz, batzuk, bizitzaren esperientziatik, beste batzuk, norbere emozioak azaleratzeko ariketa egin dute Goierriko eta Hernaniko artistek, Javi Soto margolari ordiziarrak zirikatuta, eta Ordiziako Barrena Kultur Etxean elkartu ditu. «Aspaldiko ezagunak gara», hasi da kontatzen erakusketaren sustatzailea, bertaratu diren artistek ere sentimendu hori konpartitzen dutela agerian uzten duten bitartean. «Batzuetan gertuago, besteetan urrunago, baina harremana hortxe dago, eta berriro elkartzeko amua bota nien», esan zuen, beso eta eskuekin egindako keinu baten bidez, Barrenako areto nagusiko paretetan mimo handiz zintzilik ikus daitezkeen koadroetara begirada zabaltzeko gonbita eginez; «eta hau da emaitza».
Aitor Merchan Zabaleta, Angel Frias, Eli Agirre, Floren Manso, Iker Dorronsoro, Iker Valle, Itziar Rodriguez, Javier Quiros, Javier Ibañez, Javier Soto, Jesus Lopez Zulueta, Jokin Telleria, Kontxi Simon, Leire Markinez Calvo, Nuria Guel, Patxi Morales, Peio Goello, Pelex, Sergio de la Fuente Carballo, Usua Gabarain eta Victor San Juanen lanak daude bertan. «Norbere emoziotik egindakoak dira, eta herritar guztiak gonbidatuta daude artista bakoitzaren emozioak ezagutzera, interpretatzera» jarraitu du esaten Sotok.
Emozioak, zer dira? Galdera horri erantzuten saiatu dira Barrena aretoan elkartu diren artistak, hitzez ere. Artista guztien nahia da beren lanek pertsona guztiak konektatzea eta hunkitzea, beren kezketan parte har dezaten. Lan hauek bai begirada gozatzeko, bai gizakiaren sentimendu komunetan barneratzeko lanak dira.