Igartubeitin 21. Sagardo Astea ospatuko da urriaren 8tik 14ra
Ohi bezala, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astea ospatuko du urrian. Hilaren 8tik 14ra izango da aurten eta urtero bezala bisitariek dolarea martxan ikusteko aukera izango dute. Antzezpenak, erakusketak eta kirikoketa eta prentsaketa saioak egingo dira. Astebetez, sagarra izango da protagonista museoan. Aurten joko den sagarra ez da Igartubeiti edo ingurukoa izango, lehorteagatik, eta Gipuzkoako beste leku batzuetatik eramango dituzte.
Sagar erakusketan jarriko duten sagarra, aldiz, bertakoa izango da. Urriaren 8an, 9an eta 12an sagarra jotzen Igartubeitik antolatutako eta Juan Mari Beltran musika ikertzaileak eskainitako lantegi batean sortutako kirikoketa talde bat ariko da, 12:00etan. Dolareko prentsaketa ikusteko urteko aukera bakarra da Sagardo Astea. Dolarea martxan egunero jarriko dute: urriaren 8an, 9an eta 12, 12:00etan, eta urriaren 10ean, 11n, 13an eta 14an, 11:30ean. Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak eta Amaia Ruiz de Galarretak XVII. mendeko baserri bateko bizimoduan oinarritutako antzezlana eskainiko dute urriaren 8an, 9an eta 12an, 11:15ean.
Prozesu naturala
Negutik udazkenera garatzen den sagarraren prozesuaren parte da Sagardo Astea. Sagarra dolarean jo aurretik, sagarrondoen zainketa, loraldia, sagar aleen hazkundea eta bilketa egin behar da. Prentsaketaren eta zukuaren fermentazioaren ondoren, Barrikote Festa egiten da martxoan.
Sagardo Asteko ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 72 29 78 eta 943 72 51 07 telefono zenbakietara deituta.













