Ehozirigileen topaketak ireki du Lazkaon Jabetze Eskolaren hirugarren urtea
Hari lanak egiteko 180 bat esku langile elkartu dira. Emakumeei zuzenduta, zoru pelbikoaren ikastaroa hasi da. Urrup antzerki taldeak 'Tupper Sex' antzezlana egingo du etzi Areria antzokian
Hari-lanen eta joskintzaren benetako plaza bihurtu zen, larunbatean, Lazkaoko enparantza. Ehoziriak edo enkajezko bolilloak egiten dituzten artisauen topaketa antolatu zuten lehenbiziko aldiz, eta 184 emakume elkartu ziren, Euskal Herriko hainbat herritatik etorritakoak. Lazkaon, Azki emakume elkartearen inguruan-eta aritzen dira ehoziriak egiten, eta haiek hartu-emana duten beste hainbat taldetakoak gonbidatu dituzte.
Zurezko ziriak zintzilika dituzten hari meheak trebezia ikusgarriarekin ehunduz, mota, itxura eta gustu guztietako oihalak sortu zituzten emakumeek, goizean zehar, mahai luzeetan jarrita. Ehozirigintzako, joskintzako eta harizko eskulangintzako materialen eta produktuen salmenta postuak ere jarri zituzten inguruan.
Jabetze Eskolaren hasiera
Ehozirigileen topaketa izan da, beste alde batetik, Lazkaoko III. Jabetze Eskolaren ekimenei hasiera eman diona. Atzo ekin zioten, egitarau berean, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa. Urriko, azaroko eta abenduko astelehenetan izango dira klaseak, guztira hamar, 15:30etik 17:00etara, Abian fisioterapia zentroko Saioa Baenak emanda.
Aste honi dagokionez, Urrup talde goierritarraren emanaldia da Jabetze Eskolako beste ekitaldi bat. Tupper Sex antzerki berria ekarriko dute Areria antzokira, ostegunean 20:30ean. Ana Martinezek idatzitako antzezlana da, eta Rosa Rojo zuzendari.
Urriaren 17-18an hasiko dira egitaraua osatzeko beste bi saio.













