Indarkeria matxistaren aurrean Beldur Barik jarrera erakusteko deia
Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio-Itsaso mailako bideo lehiaketa egingo da aurten ere. 12 eta 20 urte bitartekoei zuzenduta dago. Sei sari banatuko dituzte guztira.
Goierri garaiko gazteek Beldur Barik lehiaketa propioa izango dute aurten ere. Ikus-entzunezkoen bidez indarkeria matxista agerian jartzea eta salatzea helburu duen lehiaketa honetan parte hartzeko epea irekita dago azaroaren 11ra arte.
Beldur Barik Euskal erkidego mailako lehiaketa da, baina Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio-Itsasoko haur eta gazteek lau herri mailako lehiaketa txikiagoan ere parte hartzeko aukera dute urtero.
Hemengo lehiaketa honetan sariak ere izaten dira: 350 eurokoa kategoria bakoitzeko irabazlearentzat, eta 250 euroko beste sari bat kategoria bakoitzeko, aipamen berezi gisa. Sariak Ilinti eta Bitartean merkatari elkarteen dendetan gastatzekoak izango dira.
Bideo bidezko salaketa
Hezkuntza zentroetan, gaztelekuetan, elkarteetan edo lagunen artean indarkeria matxistaren inguruko gaiak lantzeko aukera eskaintzen zaie gazteei Beldur Barik lehiaketan, eta horretarako ikus-entzunezko lan bat egin behar dute.
Aurtengo deialdian, 12 eta 20 urte bitarteko neskek eta mutilek parte hartu dezakete, hiru kategoriatan banatuta: lehen kategorian 2010 eta 2008 artean jaiotakoak (12-14 urte) sartzen dira; bigarren kategorian 2007 eta 2005 urte artekoak (15-17 urte); eta hirugarrenean, 2004 eta 2002 artekoak (18-20 urte).
Gaia indarkeria matxista izanik, bideoak 3 minutukoak izango dira gehienez, euskaraz edo gazteleraz. Mezuak zabaltzeko orduan originaltasuna, Beldur Barik jarrera islatzea, euskararen erabilera edo gazteek egunerokoan bizi dituzten indarkeriaren adierazpenen identifikazioa baloratuko ditu epaimahaiak, besteak beste.
Hezkidetzan aditua den profesional batek, ikus-entzunezkoen munduko profesional batek, Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun Batzordeko politikari batek eta mankomunitateko Berdintasun Arloko teknikariek osatuko dute epaimahaia. Horrek, azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran emango du jakitera epaia.
Iaz, hiru sari
Iazko edizioan hiru saridun izan ziren: Eider Garcia Rajado eta Ni 1+ ez lana; Haztegi ikastolako Terese Altolagirre, Urko Izagirre, Aiara Salinas, Xabi Parra, Izar Garmendia, Iker Zabaleta eta Amaia Azpeitia eta Zergatik gu? lana; eta Olazabaleko Joane Alberdi, Ainhoa Badias, Eider Calvo de Mora, Janire Conti, June Martinez, Alex Mateo eta Aitor Santos eta Zutabeetatik eraitsi.