Beasaingo Berdintasun Kontseiluaren lehen batzarra jendetsua izan da
Hogei bat lagun elkartu dira kontseiluaren aurkezpen batzarrera. Udaleko eta ordezkari politikoez gain, talde feministetako kideak, eragileak eta norbanakoak izan dira.
Beasaingo Berdintasun Kontseilua hasi da elkartzen. Atzo egin zuten lehen bilera, udaletxeko areto nagusian. 20 bat lagun elkartu ziren: Amets Arrospide berdintasun zinegotzia, Jaione Fraile berdintasun teknikaria, udalean ordezkaritza duten alderdietako kideak, talde feministetako ordezkariak, herriko eragileak, norbanakoak… Lehen batzarrean euren buruak aurkeztu zituzten, taldea nork osatzen duen jakiteko; kontseiluaren helburuak, funtzioak eta lan moldeak ere errepasatu zituzten. Behin taldeko argazkia aterata, Plazapean amaitu zuten batzarra, mokadutxo bat egiten.
Pluraltasunari ere erreferentzia egin zioten. Askotariko ideologiak, arloak, jatorriak, adinak… uztartzen dituen taldea da. «Hemen hogei gaude. Ez da gutxi, baina herrian beste emakume asko daude. Horiek erakarri behar ditugu. Elkartzen hasi garen mezua zabaldu behar dugu», esan zuen Elena Sanchez Oriako Lamiako kideak eta berdintasun kontseiluko bultzatzaileetako batek. Izena eman nahi duten eragile edo herritarrek berdintasuna@beasain.eus helbidera idatzi behar dute edo 943 08 76 63 telefonora deitu.
Hilean behin elkartuko dira. Lehen bilerak hilabeteko lehen asteartearekin kointziditu zuenez, hilabeteko lehen asteartetan elkartzea adostu zuten. Ordu eta erdiko muga jarri zioten euren buruari. Zaintza sistemak ezartzeko aukerak ere aztertu zituzten.
«Esperantza» hitza behin baino gehiagotan erabili zuten partaideek. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garai berriak iritsi direla esan zuen Ana Asla Asmube elkarteko presidenteak eta kontseiluko beste bultzatzaileetako batek. Ezkorren bat edo beste egon bazegoen arren, gehiengoak ilusioz erantzun zion. «Ekintzak egindakoan ezkorrenak ere ikusiko du honek balio duela. Ekin diezaiogun», animatu zuen bildutako batek.
Azaroaren 24ari begira
Lehen ekintza ere begiz jo zuten: azaroaren 24. Bigarrena ere bai, azaroaren 26a. «Azaroaren 25ean berez egongo dira ekintzak. Kontseiluak gainerako egunetan eragin behar du: azaroaren 24an, 26an, 27an, martxoaren 7an, 9an…». Besteak beste, herriko emakumeak saretzea, eremu seguruak sortzea, udalak politika feministak garatuko dituela gainbegiratzea, behar denean kritikak egitea eta erasoen aurrean erantzutea ezarri zituzten helburu gisa.
Azaroaren 2an, 18:30ean, Beasaingo udaletxeko batzar aretoan elkartuko dira hurrengoan. Bitartean, edozer dela ere, berdintasun sailera jotzeko esan zuten.