Marino Lejarreta Klasikoa jokatuko da igandean, erlojuaren kontra
Ordizian hasi eta bukatuko da proba. Alex Zulle suitzarrak larunbatean egingo den solasaldian parte hartuko du, eta omenaldia ere egingo diote.
Marino Lejarreta klasikoa, txirrindularitza festa handia, bueltan da Ordizian. Igandean, urriak 9, jokatuko da, Txapel Gorri elkarteak antolatuta. «Bizikleta maite dugunak elkartzeko eguna» izango dela esan du Marino Lejarretak berak. Ordiziarekin izan duen harreman estuagatik, Ordizia Klasikoan urteetan parte hartutakoa baita, 2015 urtetik jokatzen da Berrizko txirrindulariaren omenezkoa. Aurtengoa, seigarren edizioa izango da.
Igandea iristeko «animo onarekin eta poz handiarekin» dago Lejarreta, «gozatzeko eguna» izango dela adierazi du. Gainera, aurten, hasieran egiten zuten moduan egingo dute, bazkari eta guzti. «Jende asko hurbiltzen da eta oso egun polita pasatzen dugu». Probaren arima Alberto Gonzalez da, bere ideia izan baitzen. «Ezkutuko lana egiten du, baina errekonozitu egin behar zaio egindako guztia», nabarmendu du Lejarretak.
Izen handien hitzordua
Dagoeneko baieztatu dituzte izen batzuk. Lehengo eta oraingo txirrindulariak elkartuko ditu, profesionalak eta zikloturistak. Proban parte hartuko dutela baieztatu duten txirrindularien artean daude, Marino Lejarreta bera, Alex Zulle, Joseba Beloki, Abraham Olano, Gari Bravo eta beste izen handi asko eta asko.
Alex Zullek, igandeko proban parte hartzeaz gain, larunbaterako antolatu duten solasaldian ere parte hartuko du, eta omenaldia ere egingo zaiola iragarri du Lejarretak. «Erreferente izan zen txirrindularitzan. Izan da korrekore oso-oso handi bat. Profesional mailan hasi zenean, nirekin hasi zen, beti konsideratu dut korrekore oso hurbila izan dela, eta garrantzitsua. Zer esanik ez haren palmaresari begiratzen badiogu».
Solasaldian, Zullerekin batera izango dira Anselmo Fuerte eta Joseba Beloki. 18:00etatik aurrera izango da, Barrena Kultur Etxean. Ondoren, Oihan Vegarekin disko-festa izango da.
Zullez gain, omendu gehiago ere izango dira, Txapel Gorri elkarteko Jose Luis Sanzek iragarri duenez; Jose Mari Insausti eta Iñaki Lopetegi ere omenduko dituzte, igandean.
Gorabeherak ibilbidean
Ordizian hasi eta bukatuko da erlojupekoa. Bosteko taldetan abiatuko dira, Barandiaran plaza ondotik, 10:30ean lehenen taldea. Hamabi kilometroko bidea osatu beharko dute. Aurten aldaketak izan dira. Antolakuntzak jakinarazi du, gorabeherak izan dituztela antolatzeko.