'Pabloren erronka' Beasaingo Ingeteamera iritsi da
Minbizidun haurren alde 1.100 kilometro egiten ari da Jose Luis Lopez Cabezuelo, Ingeteamek dituen lau egoitza bizikletarekin lotuz. Gaur eguerdian Ingeteamek Beasainen duen egoitzara iritsi da, eta han harrera egin diote enpresako eta udaleko ordezkariek.
Jose Luis Lopez Cabezuelo, Pablo Lopez haurraren aita, gaur eguerdian iritsi da bizikletaz Ingeteam taldeak Beasainen duen egoitzara. Pabloren erronka izena jarri diote ekimen solidarioa, eta lau egunetan konpainiak Euskal Herrian eta Espainian dituen lau egoitza zeharkatuko ditu, Zamudio (Bizkaia), Beasain, Sarriguren (Nafarroa) eta Albacete (Espainia) lotuz. Denera 1.100 kilometro egingo ditu Lopezek, batere gelditu gabe. Bildutako funtsak Gurutzetako Ospitaleko eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikako bi proiektutara bideratuko dira, NEN Neuroblastoma duten gaixoen lagun eta senideen elkartearen bitartez.
Gaur arratsaldeko lehen orduan harrera egin diote Beasaingo Ingeteameko ordezkariek eta Beasaingo Udaleko Leire Artola alkateak eta Adur Ugartemendia zinegotziak. Elkar ezagutu eta argazkia atera ondoren, Nafarroa aldera abiatu da Lopez Cabezuelo.
Egitasmo honi esker, Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuak arrisku handiko haur neuroblastomari aurre egiteko alternatiba terapeutiko berriak garatuko ditu, umeen artean gehien diagnostikatzen den tumoreetako bat baita. Ingeteamek hasiera-hasieratik lagundu du egitasmoa babesle nagusi gisa eta aurten, konpainiaren 50. urteurrenarekin bat eginez, txirrindularitza ekipazioak salduz lortutakoaren ehuneko jakin bat proiektu honetara bideratuko du.
2017an sortutako erronka
Erronka 2017an sortu zen Pablo Lopezen gurasoen eskutik. Neuroblastoma duen haurra da, metastasiarekin, eta bost urte hauetan gurasoek 120.000 euro baino gehiago bildu dituzte haur minbizia ikertzeko. Haurra txirrindularitza zale amorratua izateak ekarri du ekimen hau; haren aitak etapa bakarrean distantzia luzeak egiten ditu bizikleta gainean.
2017an 651 kilometroko ibilbidea egin zuen, hain justu ere Pablok tratamenduaren zati bat jaso zuen Sant Joan de Deu ospitaletik (Bartzelona) Albaceteraino (Espainia), familia bizi den hiriraino. Familiak horrenbeste aldiz egindako 51 orduko ibilbide hori izan zen bigarren edizioaren sorburua, handik urtebetera egin baitzuen 60 ordutan Sevilla (Espainia) eta Albacete arteko 679 kilometroko ibilbidea. Harrezkero, bizikleta gainean egindako kilometroei haur minbizia ikertzera bideratu diren 120.000 euroak gehitu behar zaizkie.
Ingeteam, 24 herrialdetan banatutako taldea
Ingeteam 24 herrialdetan banatuta dauden 4.000 lagunek baino gehiagok osatutako taldea da, eta energia era eraginkor eta jasangarriagoan sortzeko, garraiatzeko, biltegiratzeko eta kontsumitzeko lan egiten dute.