Xendapedalak mendi bizikleta martxa egingo dute Legorretan
Hirugarrenez egingo da mendi bizikleta martxa. Bi ibilbide izango ditu; motzak 27 kilometro eta luzeak 36. Ibilbidearen ezaugarriengatik, mendi bizikletan ibiliak diren 16 urtetik gorakoentzat da gomendagarria.
Txirrindularitzaren zaletuek, hitzordu bikoitza izango dute asteburuan, Goierrin. Izan ere, Legorretan ere izango dute bi gurpilekoarekin gozatzeko aukera. Kasu honetan, mendi bizikletarekin bada ere. Xendapedalak martxaren hirugarrena izango da. Iragan asteko euriaren ondoren, aste honetan lehorrera joko du, beraz, oraindik ere lokatz pixka bat izango bada ere, zirkuituaz gozatzeko apurra baino ez da izango. Antolakuntza «gustura» dago, azken xehetasunak lotzen, eta eguna iristeko «ilusioarekin».
Aurten ere, bi ibilbide izango direla zehaztu dute; motzak 27 kilometro izango ditu eta luzeak, 36 kilometro. Ibilbidearen ezaugarriengatik, mendi bizikletan ibiliak diren 16 urtetik gorakoentzat da gomendagarria. Kontutan izan behar, ibilbide laburrak ere ia 1.000 metroko desnibela duela.
Ibilbidean zehar indarrak berreskuratzeko bi anoa puntu izango dira -motzak, bat izango du-, eta amaieran ere mokadutxo «goxo» bat eta edatekoa banatuko dituzte, baita opari poltsa ere. Dutxak eta bizikletak garbitzeko zerbitzua ere egongo da.
Ostiralera arte izen ematea zabalik dago, kirolprobak.com atarian. Dortsalak jasotzeko, Herri Antzokian.