Argazkia erdigunean
Legazpi Hiria lehiaketaren eta rallyaren sariak banatuko ditu bihar. Lehiaketako argazki aukeraketarekin erakusketa jarriko du hilaren 21era arte. Rallyko lanak bihar proiektatuko ditu
Ikatza argazkilari elkartea urtean zehar egin dituen bi lehiaketak ixtera doa bihar, bakoitzaren irabazleei sariak entregatuz. Estatu mailako Legazpi Hiria lehiaketa eta Batis Goikoetxea Memoriala izeneko rallya irabazi dituztenek, bihar jasoko dituzte dagozkien sariak, Kultur Etxeko areto nagusian 19:00etan egingo den ekitaldian.
Ekitaldi berean, rallyra aurkeztutako lanen proiekzioa ere egingo da, eta Legazpi Hiriko lanen aukeraketarekin osatutako 50 argazkiko erakusketa ere inauguratuko da amaieran. Erakusketa hori hilaren 21era arte egongo da ikusgai. Herriko kultur jardueraren erdigunean egongo da argazkia horrela datozen egunetan.
Legazpi Hirian 135 lan
Legazpi Hiria lehiaketan 45 argazkilarik hartu dute parte eta 135 lan aurkeztu dituzte guztira. Argazkiek gai eta teknika librea jorratu zezaketen bertan, eta koloretakoak zein zuri-beltzezkoak izan zitezkeen. Epaimahaia Manu Barreirok, Alex Molanok eta Oskar Mansok osatu dute.
Irabazlea Carlos Frias Perez izan da, Nire alaba izeneko argazkiarekin. 600 euro jasoko ditu saritzat. Bigarren sailkatua Jose Ramon Luna de la Osa eta Ziurtasunik eza lana izan dira, eta honek 300 euro jasoko ditu. Hirugarren postuan Mario Pereda Berga sailkatu da, Lainoa argazkiarekin; 150 euro jasoko ditu. Azkenik, herriko saria, 150 eurokoa hori ere, Javier Alonso Vicenterantzat izan da, A little kiss lanagatik. Juan Mari Burguera artistak egindako garaikur bana ere jasoko dute laurek.
Rallyan 31 partaide
Irailaren 18an jokatu zen Batis Goikoetxearen omenezko argazki rallyan, berriz, 31 partaide izan ziren, eta helduen atalean Patxi Irazabal izan da irabazlea, Iker Gutierrez eta Javier Lopez atzetik dituztela. Herriko lehena Carlos Mediavilla izan da. Gazteen sailkapena hau izan da: Ibon Huerta, Urko Comontes eta Lander Huerta.