Europako Ondare Jardunaldiak Legazpiraino iritsiko dira Lenburren eskutik
Natura, baserria eta historia gaiak jorratuko dituzte hiru tailerretan zehar. Lenburrek ICOM Museoen Nazioarteko Batzordearen Espainiako ordezkarien bisita izan du asteburuan. Fundazioa erakusketa bat ari da prestatzen Fabrikan.
Aurten ere oihartzuna izango dute Legazpin Europako Ondare Jardunaldiek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Lenbur Fundazioak hiru ekintza antolatu ditu datozen asteetarako, jardunaldi horien barruan.
Lehena, Hostoekin jolastu eta sortu tailerra izango da, hilaren 16an, igandean, 11:00etan hasita, Euskal Burdinaren Museoan. Natura eta eskulanak uztartzen dituen ekintza da, eta Nagore Bengoetxeak gidatuko du. Doan izango da, baina izena eman behar da aurrez Mirandaolako turismo bulegoan, 943 73 04 28 zenbakian.
Baserritik mahaira: elikadura ekologikoa da hurrengo tailerraren izenburua. Hilaren 23an izango da, 11:30ean, doan ere bai, baina aurrez izena eman behar da. Itsasoko Ariztizabal baserriko Eneko Solanak gidatuko du tailerra.
Amaitzeko, hilaren 30ean, Euskal Herriko basoen jasangarritasuna Erdi Arotik Aro Berrira izeneko tailerra eskainiko da, burdinola martxan erakustearekin batera. 11:00etan hasiko da, eta 7 euro ordaindu beharko da. Alvaro Aragon adituak gidatuko du jarduera hau.
Lenbur, oso lanpetuta
Ekintza horien prestaketan murgilduta dabil Lenbur Fundazioa, baina beste zeregin batzuk ere baditu esku artean. Aurreko asteburuan, esaterako, ICOM Museoen Nazioarteko Batzordearen Espainiako ordezkarien bisita jaso zuen, eta bisitarien Langileen Ibilbidea, Chillida Lantokia eta Fabrika ezagutzeko aukera izan zuten.
Bestetik, azaroan hasiko diren Olentzero eta Mari Domingiren bisitei begira, izen-ematea irekita dute, eta hurrengo astean erakusketa bat irekiko dute Fabrika gunean.
Amaitzeko, webgune berria estreinatu dute: www.lenbur.com.