«Idaztea da niretzat askapena, barru-barrutik ateratzen zaidan zerbait»
Amesgile argitaletxearen sortzaile Betzaida Urtazak ( 'Korapiloak' izenburuapean sei istorioko liburua argitaratu du. Maitane Ormazabal, Xabin Fernandez eta Amaia Nabera ditu bidelagun.

Korapiloak izenburupean beste lan bat argitaratu duzu Amesgile argitaletxearekin.
Sei istorio biltzen ditu liburuak. Barruan ditugun korapiloen inguruan mintzo dira; horiek kanporatzeko ariketa bat dela esango nuke, argia ematea, normalizatzea eta askatzea du helburu.
Nondik nora sortu zitzaizun libururako ideia?
Aspalditik nuen buruan, baina, Maitane Ormazabal zumarragarrarekin izandako berriketak izan ziren bultzada, nolabait. Berak ere parte hartu du proiektu honetan. Kezka eta jakin min bertsuak ditugu, hain zuzen ere, liburuak jorratzen dituen gaien inguruan sarri hitz egin izan dugu, baita horiek liburu batera eramateko ideiaz ere.
Zein kezka?
Identitatearen inguruan idaztea zen ideia. Horri bueltak ematen, Ormazabalek esan zidan, aspaldi idatzita zuen testu bat zuela eta aurkeztu egin zidan. Zaldiak otzantzen zituen neska du izenburua, eta antsietatearen gaia jorratzen du. Berak idatzia da liburuak biltzen duen istorioetako bat.
Identitadea, antsietatea…zein beste korapilo askatu nahi ditu liburuak?
Batetik dago, nerabezaroan bizi ditugun aldaketen inguruko istorio bat. Gizakiarentzat trantsizio etapa bat da, non beldurrak azaleratzen diren, jakin mina, mundua deskubritzen hasten garen, sexua… Adin horretan pertsonalitatea garatzen da eta gizarteak zer eta nora bultzatzen gaituen zehazten da; beste istorio bat da depresioaren ingurukoa; eta beste bat, suizidioaren ingurukoa. Istorio gogorra da, baina landu beharrekoa, guztiz.
Neska edo mutil sentitzen den ez dakien neska baten istorioa ere kontatzen du; eta bosgarrena da maitasunaren inguruan. Ematen duen mezua da berdin-berdin dela neska edo mutil bat maitatzea. Pertsona maitatzearen garrantziaz hitz egiten du.
Zuk idatzitakoak dira?
Bai, horiek bai. Eta gero dago Xabin Fernandez legorretarrak idatzitako bat, istorio guztiak borobiltzen dituena. Bakoitza mundu bat gara eta barruan daukaguna onartu eta maitatu egin behar dugula esatera dator, errespetuz tratatu behar dugula norbere burua eta ez gaudela bakarrik.
Nori dago zuzenduta?
Nerabe eta helduentzako, denentzako izan daiteke. Nerabeentzat liburuan agertzen diren kontakizunak askapena izan daitezkeelako. Eta helduentzako, batetik, identifikatuta sentituko diren istorioak aurkituko dituztelako eta, bestetik, haurrak dituzten helduentzat bereziki, lagungarri izan daiteke hainbat egoera jorratzen dituelako. Guztiei gomendatzen diet.
Ilustrazio deigarriek janzten dute liburua.
Amaia Naberarena gernikarrak (Bizkaia) egindakoak dira. Harekin harremanetan jarri nintzenean azaldu nion kanpoan eta barruan ditugun bi munduak irudikatzea nahi nuela. Barruko aldean duguna, kolore ilunagoekin irudikatu du, liburuaren azalean agertzen den mundu horren beheko aldean. Mundu hori askatuz gero argia ikus daiteke, korapiloak loreetan bihur daitezke. Alderdi hori, gorantz marraztu du eta kolore argiagoz.
Zuretzako zer da idaztea?
Niretzako askapena da. Barru-barrutik ateratzen zaidan zerbait da. Ikasteko ate bat ere irekitzen dit, hainbat gaien inguruan informatzeko. Jendea ezagutzeko ere balio dit. Baina, batez ere, irakurlearen lekuan jartzen saiatu gara, beti ere, errespetu handiarekin eta maitasunez idatzita.