Mamia behar, gazta izango bada
Datorren igandean, urriaren 9an, Idiazabalen Baserritarren 9. eguna eta 39. Artzai Gazta elkartearen hego Euskal Herriko finala izango dira. Ospakizunerako egun borobila gaztari izena ematen dion herrian.
Izena eman bazion, izana ere bazuelako zen, eta izana gaur egun ere badu (nahiz eta bakarren batzuek hori ere ukatu nahi izaten duten). Baina etorkizunean ere izateko lan etengabea egin beharko dugu, eta ez bakarrik artzantzan eta gaztagintzan, baizik eta abeltzantzan eta nekazaritzan orokorrean.
Horretarako jarri genuen martxan Gaztaren mamia proiektua bere garaian, horren barruan hasi ginen Baserritarren eguna ospatzen 2012an, idiazabalek baserritarren jarduna behar-beharrezkoa duela konbentzituta, eta herritarrak konbentzitzeko asmoz. Ospakizunez haratago baserritarren jarduna ikusarazi, zabalkundea eman eta bere egunerokoan aktiboki laguntzen hasi ginen. Elkarrekin jardun genuen. Baserritarrak eta udala eskutik emanda joan ginen pausoak ematen, bestela ez zuen zentzurik.
Elkarlan horrek fruitu tangibleak eman zituen, inguruko eta ez hain inguruko herrien interesa pizteraino, erosketa bateratuak, itv zerbitzuak, pabilioi kolektiboa, belar mozketa zerbitzu kolektiboa, herri larreetako kudeaketa aktiboa,… eta horrek ilusioa ekarri zien herriko baserritarrei, giro ona, elkarlana eta beraien arteko kohesioa eraginez.
Bada hori dena gainbehera doa, tristuraz ikusten dugu nola udalaren eskuhartze zuzenaren erruz baserritarren kohesioa, ilusioa eta lehengo elkarlana ez dagoen bere momentu hoberenean, nahiz eta Baserritarren elkartean ez duten etsi! (Eta ez etsi!). Egun hauetan hainbat baserritarrekin izan ditugun
Elkarrizketetan nabaritzen ditugu, haserrea, etsipena eta tristura. Nahi eta ezina.
Hau ez da zerutik etorri den egoera bat, hau ez da asiatik etorri zaigun birus batengatik, hau udalean hartzen diren erabakien eta egiten diren (edo egiten ez diren) gauzen ondorioa da. Eta arduradun zuzena dute.
Mamia behar, gazta izango bada, eta hori ez dezagula idiazabaldarrok ahaztu; baserritarren jarduna behar dugu gure ingurua gustatzen zaigun bezalakoa izateko, Axari trail ez dadin Otadi Trail bihurtu, eta gure herriaren izanak izenari eutsi diezaion, adibidez.
Gora gure baserritarrak!













