Alex Aranburu, Movistar taldearen salbaziorako puntu emaile onenetakoa
Txirrindulari ezkiotarra taldeko laugarren ziklista izan da puntuak biltzen, nahiz eta irailaren 15etik karreretara ez duten eraman. 735 UCI puntu eman dizkio Movistarri.
Alex Aranburu izan da 2022ko txirrindulari denboraldian Movistar Teami UCI puntu gehien eman dizkion taldeko laugarren txirrindularia. Taldeko puntu emaile onena Alejandro Valverde izan da, 42 urterekin eta agurreko urtean: 1.996 puntu. Ondoren, taldeko lider oinordeko den Enric Masek 1.772 puntu lortu ditu (asko denboraldiaren azken txanpan), eta hirugarrena Ivan Garcia Cortina da (944 puntu). Laugarren onena Alex Aranburu da, 735 puntuko ekarpenarekin; 5.a Max Kanter (546), 6.a Carlos Verona (413), 7.a Gonzalo Serrano (399), 8.a Ivan Ramiro Sosa (352), 9.a Antonio Pedrero (352) eta 10.a Matteo Jorgenson (294).
Kontuan hartu behar da Alex Aranburuk ez duela lehiatu irailaren 15etik. Il Lombardia klasikorako (urriak 8) printzipioz joatekoa bazen ere, azken unean ez zuen lerrokatu Movistarrek.
2022an 43 lehiaketa-egun egin ditu Aranburuk, eta 8.130 km korritu ditu lasterketetan. Egun bakarreko 18 probatan lehiatu da, eta etapakako bost itzulitan: Tirreno-Adriatikoa Italian (7 etapa, martxoaren 7tik 13ra), Boucles de la Mayenne (Frantzian, 4 etapa, maiatzaren 26tik 29ra), Suitzako Itzulia (5 etapa, ekainaren 12tik 16ra, 6.etapan ez zen atera), Valoniako Itzulia Belgikan (5 etapa, uztailaren 23tik 27ra), eta Limousingo Tourra Frantzian (4 etapa, abuztuaren 16tik 19ra).
Garaipenen artean, lehenbiziko aldiz etapakako itzuli bat irabazi du Aranburuk: Limousingo Itzulia. Hango 2. etapa ere irabazi zuen (Le Grand Perigueus Champcenivel – Riberac, 184,7 km); lehen eta 3. etapetan 3., eta 4. etapan 2. ere egin zuen.
Espainiako errepideko Txapelketan ere brontzea lortu zuen, 3. postuan helmugaratuta Cala Millor – Palma (186,1 km) proban.
Postuei dagokienez, top-10 lehen hamarretan 17 aldiz sartu da, eta horietatik podiumean 9 aldiz:
- 1. postuak: Limousingo Tourreko 2. etapa (Le Grand Perigueux Champcevinel – Riberac, 184,7 km, abuztuak 17) eta sailkapen nagusia (abuztuak 19).
- 2. postuak: Valoniako Itzuliko 1. etapa (Temploux – Huy, 174,4 km, uztailak 23), eta Limousingo Tourreko 4. etapa (Saint-Laurent-sur-Gorre – Limoges, 174,8 km, abuztuak 19).
- 3. postuak: La Mayenne Itzuliko 2. etapa (Jublains – Pre-en-Pail-Saint-Samson, maiatzak 27, 171 km), La Moyenne Itzuliko sailkapen nagusia (maiatzak 29), Espainiako Txapelketako errepideko proban (Mallorca, ekainak 26), Limousingo Tourreko 1. etapan (Verneuil-sur-Vienne – La Souterraine, 176,4 km, abuztuak 16) eta 3. etapan (Donzenac – Malemort, 181,7 km, abuztuak 18),
Movistarrekin kontratua 2024 bukaerara arte dauka, beste bi denboralditarako.