Ander Deuna jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa jarri dute martxan
Urriaren 28ko 15:00ak arte bidali daitezke proposamenak. Edozein eratako lanak onartuko dira: collage-a, pintura, argazkia, diseinu grafikoa...
Aurtengo Ander Deunaren jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa martxan da. Proposamenak bidaltzeko epea irekita egongo da urriaren 28ko 15:00ak arte. Ormaiztegiko udaletxean aurkeztu behar dira. Edozeinek parte hartu dezake eta egile bakoitzak 3 lan aurkeztu ditzake gehienez. Lanek ‘Ormaiztegiko Ander Deunaren jaiak 2022’ izan beharko dute idatzita.
Edozein eratako lanak onartuko dira: collage-ak, pinturak, argazkiak, diseinu grafikoak… irudimenari eragin beharko diote herritarrek. Neurria honakoa izango da: 21 zentimetro altueran, 22,5 zentimetro zabaleran, eta lan guztiei 30×35 zentimetroko kartulina bat jarriko zaie atzealdean. Lanak argitaratu gabeak izan beharko dute, eta egilea nor den adieraz dezakeen inolako daturik agertu gabe aurkeztu beharko dira. Kartazal itxi batean, parte hartzailearen datuak, harremanetarako telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta NANaren fotokopia bidaliko dira. Kartazalaren kanpoaldean hitz edo testu bat jarriko da, eta testu edo hitz bera jarri beharko da lanaren atzealdean.
12 urtetik gorako irabazleak 300 euroko diru saria jasoko du, eta 12 urtetik beherako irabazleak 50 euroko diru saria. Azken horien artean, parte hartzaile guztiek jasoko dute oparia. Saria eman gabe gera liteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek gutxieneko kalitate mailarik ez badute.Urriaren 28tik abenduaren 4ra, erakusketa egitea aurreikusi dute aurkeztutako lan guztiekin, Gizarte Etxeko tabernan. Epaimahaiaren erabakia sari banaketaren egunean jakinaraziko da, azaroaren 4an, 12:30etan, udaletxean.
Informazio gehiagorako Kultura Sailera idatzi behar da, kultura@ormaiztegi.eus helbide elektronikora edo 688 657 455 zenbakira.