Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia 'katuen kontuekin' eta musikarekin Ataunen izango dira
Urriaren 15ean, larunbatarekin, 'Katuen kontuak' emanaldia egingo dute, Ataungo Herri Antzokian. Musika eta testu literarioak uztartzen dituzte.
Euskal kulturako bi sortzaile loriatuk, Joseba Sarrionandia idazleak (Iurreta, Bizkaia, 1958) eta Ines Osinaga musikariak (Arrasate, Gipuzkoa, 1982), Katuen kontuak emanaldia ekarriko dute Ataunera. Urriaren 15ean, larunbata, Ataungo Herri Antzokian egingo dute, 19:30ean hasita. Sarrerak aldez aurretik Troskaeta, Sutegi, Errotaundi eta Martintxo tabernetan/dendetan daude salgai, 10 euroan. Oraindik geratzen dira, eta egunean bertan ere aretoko txarteldegian erosteko modua izango da.
Musika eta literatura uztartzen dituzte emanaldian. Dozena bat kantu interpretatuko ditu Osinagak (Gose taldean ibilia), eta kantu bakoitzari sarrera literarioa egingo dio Sarrionandiak. Bi egileek aurrreratu dutenez, “bidaia luzeko kantuak” dira; “edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia”.
Sarrionandiak Habanan (Kuba) idatzi zituen testuak, orain hamar bat urte, eta “eskuz esku” Euskal Herrira iritsi ziren, ekarri zituzten; “konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun”. Eduki hari musika Osinagak ipini zion, eta Gosariak proiektua ondu zuen.
Katuen kontuak emanaldian, testuen jatorria eta zergatia azalduko ditu orain, berriro ere Osinagaren zuzeneko musikak lagunduta. Kubaren eta Euskal Herriaren arteko “bidaia” haren lemazain gisa ariko dira bi sortzaileak, “ironia, salaketa eta eromena” nabigatuz, eta emozioak zipriztinduz.
Gaztetxoentzat ere bideratutako proiektu bat
Katuen kontuak udaberrian aurkeztu zuten. Ataungo Udalak maiatzerako programatu nahi izan zuen emanaldia, baina partaideetako bat atzerrian zebilenez, udazkenera arte atzeratu dute. Bi sortzaileek Olatu arteko txalupa arraroa emanaldi musikatua ere ondu zuten, iaz.
Proiektu berriarekin, emanaldi orokorraz gain, 12-16 urte bitarteko gaztetxoentzat egokitutako Berbak eta kantuak, katuen kontuak emanaldia ere badute. Kantuen testuak lantzen dituzte ikasleekin, musikaz hornituta beti. Euskal kulturaren transmisioan urrats bat gehiago egitea da helburua. Euskaraz eta literaturaz gain, musika, etika, filosofia eta historia ere lantzen dira. “Emanaldian kantuek proposatzen dituzten gaien inguruko hausnarketa kritikoa sustatzen da, erantzunak baino galderak mahai gaineratuta”.
Sortzaileak:
Joseba Sarrionandia Uribelarrea (Iurreta, 1958).
Joseba Sarrionandia, idazle emankorra izateaz gain, Euskal Filologian lizentziaduna da eta eskolak ematen eskarmentuduna. Habanako Etxepareren irakurletzaren ardura izan du urtetan, eta gaur egun bere idazle jarduna hitzaldiekin tartekatzeaz gain, HUHEZI fakultateko irakasle da. Idazleak ikastetxeetan programan parte hartzen du.
Ines Osinaga Urizar (Arrasate, 1982)
Ines Osinaga Musika Hezkuntzan espezializatutako musikaria da, eta musikoterapia eta musikaren didaktika eta pedagogian aditua. Gaur egun plazako jarduna formakuntza eta hitzaldiekin tartekatzen du, eta gazte eta nerabeekin lan egitea bereziki du maite. Musikariak ikastetxeetan programan parte hartzen du, eta Prest gara ikastaroetan irakasleei formakuntza ikastaroak ematen dizkie.