Kontzertu erraldoiarekin eta kolaborazio ugarirekin taularatuko du Kantakak 'The Armed Man'
Urriaren 21ean, Areria antzokian, lau abesbatza, Leticia Vergara bakarlaria eta Kantakaren instrumentu taldea elkartuko dira.
Kantaka abesbatzak Karl Jenkins konposatzaile galestarraren The armed man obra berreskuratuko du. Eszenaratze ikusgarriarekin interpretatuko du bakearen aldeko meza hori, eta hainbat korutako abeslarien zein bestelako musikarien kolaborazioarekin aberastuko du.
Lehen aldiz 2014ko apirilean kantatu zuen Kantakak The armed man. Orduan ere 90 abeslari eta zortzi musikari batu zituen. Donostian eta Beasainen ere errepikatu zuten emanaldia, urte hartako udan.
Urriaren 21eko kontzertuan, Kantakako abeslariekin batera, Aita Donostia abesbatza (Donostia), Urmaiz abesbatza (Ormaiztegi) eta Julian Barrenetxea Abesbatza (Azpeitia) izango dira.
Musika-tresnen orkestra Kantakaren beraren taldea izango da, eta bakarlari ahotsean Leticia Vergara ariko da. Javier Alberdik zuzenduko du kontzertua.
Sarrera 5 euro da, eta aldez aurretik udaletxean, Areriako txarteldegian edo lazkao.eus webgunean erosi ahal izango dira.