Maialen Akizuren pena, amorrazioa eta poza Tere Madinabeitia
Hurrengo fasera igarotzeko mugan geratu da Maialen Akizu bertsolari urretxuarra, eta horrek «pena eta amorrazioa» eragin dio, baina baita poza ere, egindako saioagatik.
Akizu urretxuarra ama izan berria da, eta egoera pertsonal berezi horrek Euskal Herriko bertsolari txapelketa prestatzeko orduan behar beste denbora ez diola utzi nabarmendu du. Hala ere, hirugarren egin du Lizarran (Nafarroa), eta egindako saioarekin «nahiko gustura» geratu da, «behetik gora egin nuen sentsazioa nuen, eta horrelakoetan zaila izaten da tenperatura hartzea».
Hirugarren postuan geratu da, 658.50 punturekin, hurrengo fasera igarotzeko mugan. Baina Ganbarako lanean «horrelako poto edo lapsus bat» egin zuen, eta argi du epaileek hori zigortu zutela eta horren ondorioz ez zituela puntu gehiago lortu. «Pena eta amorrazioa» sentitu zuela aitortu du urretxuarrak, bere esku zegoelako guztia eta ezin izan zuelako ekidin egoera hura, eta penak eta amorrazioak jarraitu zuen puntuazioa eman zuten unean bertan jakin zuelako ez zela pasako hurrengo fasera.
Poza, gerora
Poza gerora etorri da. «Bertsotan disfrutatu egin nuen, ideiaz oso fresko sumatu nintzen, formaz eta errimaz agian traketsago ibili nintzen, prestatzeko denbora faltagatik. Baina gorputza bertan neukan, kontziente samar nengoen, eta horretaz pozik nago», nabarmendu du.
Orain atseden hartzeko unea iritsi zaio: «Azken asteak potenteak izan dira, ingurukoei ere asko eragin die, denbora lapurtzen ari nintzaiela iruditzen zitzaidan…». Hala ere, ez du bistaz galduko txapelketa, nahiz eta ez den ausartzen txapela irabazteko izen bat esaten.












