Oktoberfesten oihartzunak Goierrin
Municheko garagardo festaren zaleek aitzakia eta garaia baliatuko dituzte, bailaran ere juntadizoak egiteko. Ordizia Errugbik Lazkaomendin antolatu du bazkaria, eta Ataungo gazteek eta Lurra Dantza Taldeak, garagardo feria.

Alemaniako garagardoaren zaleek, Municheko Oktoberfest azoka ospetsura joaterik ez daukatenek behintzat, ez dute ahaztu urria edari horren garaia denik. Gaia eta edaria Goierrira ekarri, eta hiru ekitaldi antolatu dituzte. Bat Ataunen eta Urretxu, garagardo feria; eta Lazkaon, bazkaria.
Ataungo Torto gazte asanbladak Tortobeerfest feria egingo du, Ataungo San Martin auzoan, urriaren 21ean. Zortzi garagardo mota desberdin probatzeko aukera egongo da: Boga, Basabe, Izar-Haitz eta Higer markak iragarri dituzte kartelean.
Festa 18:30ean hasiko da, eliza ondoko kalustran. Garagardo botila bakoitza 3 euroan salduko dute. Gauean, 22:00etan, DJ Enjoy musika jartzen ariko da, Oargin.
Lurra dantza taldearen garagardo festa hilaren 21, 22 eta 23an izango da, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Hiru egunetan 18:00etan irekiko dituzte pilotalekuko ateak. 17 garagardo dastatzeko auker egongo da. Horietako bat, glutenik gabekoa. Horretaz gain, ukondoa, saltxitxak, solomoa eta pizza jateko aukera egongo da, besteak beste.
Lazkaon, berriz, –Lazkaomedin, zehatzago–, urriaren 15erako, larunbat honetarako antolatu du Ordizia Errugbi M-18 taldeak Oktoberfest juntadizoa. Lazkaomendiko Lartxai elkartea izango da topaleku. Bazkaria da jaiaren ardatza, eta edateko Basaberen hiru garagardo izango dira, presiotik. JTK Lazkaun-en garagardoak ere eskainiko dituzte.
Jateko, txerrikia jarriko dute. Goizean hasiko dira txerria erretzen, Lartxai elkartearen kanpoaldean. 10:00etatik aurrera, txistor pintxoak eta garagardoa hartzeko aukera zabalduko dute. Bazkaria 14:30ean da. Saltxitxak garagardo-saltsarekin, txerri errea patata ahiarekin, eta sagar strudela daude menuan. 32 euro kostatuko da dena, eta izena eman behar da aurrez.

Garagardoa ateratzen, Lazkaoko feria batean./Aimar Maiz