Renfek CAFi esleitu dio bateriekin ekipatutako 28 tren elektrikoren hornidura
Kontratuak parkeko piezak hornitzea eta unitate horietako 17ren mantentze-lan integraleko zerbitzuak 15 urtez eskaintzea ere jasotzen du. Operazio horren guztizko bolumena 300 milioi euro ingurukoa izango da CAFentzat.
Renferen Administrazio Kontseiluak distantzia ertaineko zerbitzuetarako 28 tren elektriko hornitzeko kontratua CAFi esleitzea onartu du. Kontratuak parkeko piezak hornitzea eta unitate horietako 17ren mantentze-lan integraleko zerbitzuak 15 urtez eskaintzea ere jasotzen du. Operazio horren guztizko bolumena 300 milioi euro ingurukoa izango da CAFentzat.
Hitzarmenak, gainera, etorkizunean irismena handitzeko aukera ere jasotzen du, eta horien artean dago beste 42 tren fabrikatzekoa. Proiektu horren bidez, Renfek aurrera jarraituko du asmo handiko bere inbertsio-planarekin. Plan horrek bere tren-flotaren zati handi bat berritzea jasotzen du, baina, gainera, garraio jasangarriagoa lortu ahal izateko, unitate ekologikoagoen aldeko apustua egin du.
Ibilbide laburrak, modu autonomoan
CAFek fabrikatuko duen trenaren gehieneko abiadura 200 km/h-koa izango da eta nabarmendu beharrekoa da unitatearen ezaugarri interesgarrienetako bat izango dela ibilbide laburrak modu autonomoan egiteko gai izango dela; hau da, katenariarik ez duten sareko tarteetan edo, dagokionean, katenarian behin-behinekoz tentsiorik ez dagoenean, unitateek izango dituzten bateriei esker. Hain zuzen ere, CAFen azken proiektuetako batzuetan teknologia hori gehitu izanak berretsi du bidaiarien tren bidezko garraioaren deskarbonizazioari aurre egiteko CAF enpresak zero isurpeneko soluzioak garatzearen alde egin duen apustu irmoa.
Kontratu berri honek, beste behin, agerian utzi du Renfek CAF taldearengan jarritako konfiantza, bi enpresek haien ibilbide luzean zehar izandako lankidetza estua sendotuta. Horren azken erakusgarria izan da bide estuko 37 tren hornitzeko proiektua –2020. urtearen erdialdean esleitutakoa– eta gaur egun CAF tren-operadorearentzat egiten ari dena.
Era berean, CAFi aukera emango dio Renferekin elkarlanean aritzeko material ibilgarriko bere parkea modernizatzen. Tren horiek punta-puntako aurrerapenak izango dituzte arlo teknologikoan eta bidaiariarentzako irisgarritasunari eta ibilgailu barruko erosotasunari dagokienez. Hain zuzen ere, irisgarriak izango dira mugigarritasun murriztuko pertsonentzat, eta erabat egokituta egongo dira ikusmen edo entzumen-desgaitasunen bat dutenentzat.