Beasainen 2016tik ari dira lantzen bizikidetzaren gaia
Baketik Fundazioko Maialen Lizarraldek gogoratu duenez, Beasaingo Udala 2016an hasi zen bizikidetzaren gaia lantzen, bi mahai osatuta: mahai politikoa, eta herritarren mahaia edo foroa. Bakoitzak bere bidea egin du, eta besteak beste, jardunaldiak egin dira, 100 erreferente ingururen atxikimendua lortu da, hausnarketa sustatu da edo adostasunak lantzen jardun da.
Duela urte eta erdi, bi guneak elkartzeko prozesu bat abiatu zen, eta hainbat puntu adostu eta gero, eragile anitzeko bizikidetza taldea eratu zen. Talde horren baitan sortu zen formakuntza egitearen beharra, sufrimendua, giza eskubideen argazki osoa, transmisioa, komunikazioa, bizikidetza eta beste gai batzuk lantzeko. Herritar guztiei zuzenduta, bi saio egin dira, eta balorazioa oso ona izan da.