«Bizikidetza herri mailatik hasita berreraiki behar da»
Motibazio politikoko gatazka gainditzeko premiatik abiatuta, formakuntza saioak egin dituzte Beasainen. Baketik fundazioko Aintzane Gamiz (Legazpi, 1981) izan da hezitzaileetako bat. "Oso ondo funtzionatu du", aitortu du.
Zein da formakuntza saio hauen arrazoia?
Formakuntza hauek sortzen dira, batez ere, Bizikidetza Lantzen proiektuaren barruan dauden mahai politikoek, herritarren mahaiek eta eskolekin egiten dugun lanak indarkeria politikoaren gaia lantzeko marko bat izan dezaten.
Zer marko mota?
Indarkeria politikoaren gaia politikoekin lantzen denean, askotan ideia politikoetatik abiatzen gara eta oso zaila da oinarri minimo batzuetara iristea. Bizikidetza Lantzen prozesu hauetan konturatu gara oinarri minimo edo adostasun minimo batzuk lortu behar direla eta, adibidez, biktima zein den eta zein ez den zehaztu behar dela.
Eta giza eskubideetan jarri duzue abiapuntua.
Bai, konturatu garelako giza eskubideen marko honekin desberdin pentsatzen dutenak eta ikuspuntu desberdina dutenak adostasun minimo horietara heltzeko gai direla.
Lehen aipatu dituzun biktimen inguruan, adibidez.
Marko legal bat behar da, nolabait bermatzeko egitera goazen hori. Ideia politikoetatik aritzen bada, ezinezkoa da, bakoitzak bere sentsibilitateak dituelako eta bere ikuspuntua daukalako. Giza eskubideen markoarekin sentsibilitate desberdineko pertsonak marko horretara hurbildu eta, kasu honetan, biktimen inguruan adostasun minimo batzuetara iritsi daitezke.
Alde bateko eta besteko bikatimak daude?
Guztiak biktimak dira, eta zaku berean sartu behar dira. Terminologia inportantea da, inori minik ez emateko. Biktima guztiei bere lekua eman behar zaie, baita giza eskubideen urraketa guztiei eta sufrimendu guztiei ere.
Beste arlo batzuetarako ere balio al du markoak?
Bai. Irakaskuntzarako, adibidez. Askotan irakasleek ez dakite gai hau nola landu, ez daukate tresnarik edo ez dute ausardiarik. Izan ere, batez ere gatazka politikoa bizi izan dugunok, inkontzienteki beldurra dugu gure sinismenak, usteak edo ideiak narratiba horretan txertatzeko. Giza eskubideen markoak aukera ematen digu gaia nolabaiteko objektibotasun batetik eta zilegitasun batetik lantzeko.
Herri mailan ere balio du?
Bai, bizikidetza lantzeko herritar taldeetan ere gauza bera gertatzen delako. Bakoitza bere sentsibilitateekin joaten da, bere bizipen pertsonalekin, herrian bizitakoarekin, batzuk biktimak dira, beste batzuek sufrimendua jasan dute… eta adostasunetara iristeko, marko egokia da.
Eta eraginkorra ere bai?
Ez da marko perfektoa, baina bai orain arte lortu dugun eraginkorrena. Hutsuneak ere baditu, eta adibide bat jarriko dut: indarkeria politikoak eragindako sufrimendu batzuk ez dira hartzen giza eskubideen urraketatzat, baina sufrimendu mota horiek ere kontuan hartu behar dira lanketa egiteko orduan, kasuistika guztiak. Guk gure formakuntza saioetan kontuan hartzen ditugu, atzean sufritu duten pertsonak daudelako, eta motibazio politikoko indarkeriaren ondorioa direlako. Gainera, beste arlo batzuk ere landu behar dira
Zer, adibidez?
Enpatia, adibidez. Landu behar da aurrean dugun pertsonaren sufrimendua ulertu eta onartzearen gaia, giza duintasunaren errespetua, parean dugun horrek emandako aurrerapausoen onarpena eta aitortza… Osagai emozional horiek ere sartu behar dira gatazka politikoari sozialki, politikoki eta hezkuntzaren ikuspuntutik aurre egiteko.
Nolako jendea joaten da formazio saioetara?
Beasainen, adibidez, formakuntza irekia izan da eta izan ditugu gizarte zibileko pertsonak, irakasleak, politikariak, elkarteetako jendea, gurasoak eta aisialdiko elkarteetan ari diren pertsonak. Oso ondo funtzionatu du, eta agian hirugarren saio bat egingo dugu, batez ere, jorratu duguna maila praktikora eramateko, herri mailan egin daitezkeen gauzak zehazteko.
Horrek esan nahi du interes bat badagoela honen atzetik.
Bai, nik uste dut interesa baino gehiago beharra dagoela, eta hor nire obsesio bat sartzen da. Nola trasmitituko diegu gazteei gertatu dena? Hezkuntzaren, gizarte zibilaren eta familien ardura da hori, baina aurretik ados jarri beharko gara gertatu dena nola kontatu erabakitzeko. Horren inguruan, giza eskubideen markoak memoria partekatu bat lantzeko aukera eskaintzen du. Nik bizitakoa eta zuk bizitakoa, dena da baliagarria memoriaren gaian, gertatutakoaren errelato guztiak dira baliagarriak. Gazteei zor diegu memoria partekatu bat osatzea, eta gertatutakotik ikastea eta hori trasmititzea, berriz ere ez gertatzeko. Ez dugu egingo frankismoarekin eta gerra zibilarekin gertatu zena, ezta? Beraz,interesa baino gehiago, premia bat dago dena ordenatu, gertatutako guztia mahai gainean jarri eta kontatzeko.
Hori lan luzea izango da.
Lehenengo mahai gainean jarri behar da gertatutako guztia, giza eskubideen markotik abiatuta. Gero elkarrizketa sustatu behar da, lehen aipatutako osagai emozionalak kontuan hartuta. Eta hirugarren pausoa gazteenganako trasmisioa da. Gero, beraien egitekoa izango da gertatutakoaren inguruan azterketa kritikoa egitea. Gure lana da gertatutakoa mahai gainean jartzea, nolabaiteko koexistentzia batetik bizikidetza plano batera igarotzea. eta gertatu dena kontatzeko ados jartzea.
Zein puntutan gaude orain?
Prozesua fase desberdinetan dago herrien arabera, kontuan izan behar dugulako herri bakoitzak bere bizipena izan duela indarkeriarekin, errealitate oso desberdinak izan direla.
Baketik fundazioa prozesuan laguntzen ari da.
Bai, elkarrizketa espazioak sortzen ditugu herriz herri, diskretoak eta, kasu batzuetan, baita konfidentzialak ere. Bizikidetza herri mailan hautsi da askotan, eta bizikidetza herri mailatik hasita bereraiki behar da.