«Eleberria esperimentu bat izan da, egia esan»
Marcos Huartek (Beasain , 1974) 'Genesis de una especie' eleberria aurkeztuko du bihar, Igartzako Jauregian, 19:00etan. Lau piezako bilduma baten lehen alea da. «Erantzun ona izaten ari da».
Genesis de una especie —Espezie baten Hasiera— eleberrian Beasaingo gazte kuadrilla batek, egun batetik bestera, ahalmen bitxiak garatuko ditu. Nahiz eta disimulatzen saiatu, azkar zabalduko da berria, mundu zabalean hainbat eta hainbat direlako gaitasun paranormalak garatu dituztenak.
Mutanteak dira? Gizakiaren eboluzioan katebegi berri bat?
Historiak ez du honekin zerikusi handirik. Egia da istorioaren abiapuntua hori dela, baina funtsa gizarte berri baten eraikuntza da. Mamia mutanteen elkarte sekretuaren sorreran eta boterera heltzeko bidean dago. Gertatutakoari buruzko lehen ulertezintasunetik, estatus berria hartu arte. Eraikitze prozesuan balio batzuk utzi eta beste batzuk bilduko dituzte, agian ez beti ongi ikusita daudenak.
Ideia nondik dator?
Irakurle zale latza naiz. Betidanik irakurri ditut liburu eta komiki fantasiosoak. Istorio hau mutanteen eta super heroien komikietatik atera dut.
Idazketa prozesua erraza izan da?
2012 hasi nintzen, igande buruzuri batean, etxean bakarrik nengoelako. Zaletasunagatik hasi nintzen, ez argitaratzeko ideia nuelako. Istorioaren nondik norakoak ere ez nituen erabat argi, nahiz eta lehenagotik ideia buruan nuen: lehendabizi idatzi nuen atala liburuko bosgarrena da; gero, bederatzigarrena; gero, hirugarrena… denborarekin ikusi nuen kontraesanetan erortzen ari nintzela, eta ez zela posible. Hasieratik hasi nintzen, poliki poliki idazten.
Eta amaitu, noiz?
2015 inguruan. Kutur munduan dezente mugitzen naiz eta argitaratu eta idazten duen jendea ezagutzen dut. Beraiek animatu ninduten zerbait egitera. Hasi nintzen editorial baten bila, eta Azur argitaletxean amaitu dut.
Maiatzean argitaratu zenuen, nahiz eta aurkezpena bihar egingo duzun.
Lehen liburuak martxorako heldu zitzaizkidan, baina arazo tekniko batzuen erruz ekainera arte ezin izan genituen salgai jarri. Uda garaia, jendeak burua beste gai batzuetan izaten du… erabaki nuen irailera arte ezer ez egitea. Oporretatik bueltan hasi naiz mugitzen, oraintxe.
Irakurri dutenek zer esan dizue? Gustura gelditu dira?
Zerbait esan didatenek gustatu zaiela esan didate.
Fantasiazko liburuak zailagoak dira?
Generoa gustatu behar zaizu. Baina tira, azkenerako abentura nobela bat da, akzio asko duena. Gustu askotako irakurleak daude eta denekin ezin da asmatu, baina bere publikoa badauka. Erantzuna ona izaten ari da.
Saga bat izango da.
Lau liburuko bilduma izango da. Hiru idatzita dauzkat eta laugarrena bukatzen ari naiz.
Jarraipena bermatuta du.
Esperimentu bat izan da, egia esan. Autopublikazio bidez argitaratu dut eta dirua kosta zait. Gainera, liburu mardulak dira eta gehiago kosta zait. Inbertsio bat izan da. Orduan, zain nago ea erantzuna nolakoa izango den. Baikorra naiz: orain arte oso ondo ari naiz saltzen, eta hemendik aurrera ale gehiago saltzea espero dut. Orduan aterako ditut ondorioak eta ikusi beharko dut segi ala ez. Baina nire ideia segitzea da. Nik uste beste aleak aterako ditudala.