«Etxeko lanak eginda, helburua Munduko txapelketa da»
Kulturismo Naturaleko Espainiako Txapelketan parte hartuko du Jon Aranburuk (Idiazabal, 1993) asteburuan. Lehen bost sailkatuen artean sartzea du helburu, Munduko txapelketara joateko.
Kulturismo naturaleko Espainiako txapelketan parte hartuko duzu asteburuan. Nola aurkitzen zara?
Gogotsu eta ilusio handiarekin nago. Lan handia egin dut hona iristeko, urteetako lana izan da, prest aurkitzen naiz txapelketan parte hartzeko.
Zein da kulturismo naturalaren eta tradizionalaren arteko desberdintasuna?
Askoz ere zorrotzagoa da; antidoping kontrola egin diezagukete edozein momentutan, hori da desberdintasun nabarmenena. Hartu ezin ditzakegun produktu kimikoen zerrenda bat dago, araua hautsi, horietakoren bat hartu eta harrapatuz gero, isun garrantzitsua eta zigorra izaten da. Tradizionalean, ez dago horrelarik.
Beraz, oinarria da, gorputza zaintzea era natural batean.
Oso prozesu luzea da. Txapelketa batean parte hartzeko lana hilabete askokokoa edota urteetakoa da. Azkenekoz duela hiru urte hartu nuen parte txapelketa batean. Urtero lehiatzen denik badago, baina nahi baduzu gorputzean aldaketa nabarmena izan, denbora eman behar zaio. Urtebete ere ez da nahikoa izaten normalean, maila altu batetik ez bazara abiatzen behintzat.
Prestaketaren faseak zeintzuk dira?
Txapelketarako gorputzak igarotzen ditu bi fase: bat da, bolumen fasea deitzen dena, hau da, gorputzari pisua hartu arazi, masa muskularra irabazteko; eta gero dator, definizio fasea, non grasa galtzen hasten garen.
Zenbat denbora behar da?
Bolumena lortzeko urtebete ez da nahikoa izaten. Normalean, bi urteko iraupena gomendatzen da.
Eta definizio fasea?
Asteburuko txapelketarako adibidez, zazpi hilabetekoa izan da.
Emaitza azkarrik ez dago, hortaz. Aholkuren bat?
Pazientzia, konstantzia eta, batez ere, burua bere lekuan izan behar dira.
Kulturismoan zabiltzatenok elikadura zorrotz zaintzen duzuenaren fama duzue. Hainbesterako da?
Bai, asko asko zaintzen dugu. Bolumen fasean adibidez, pisua irabazteko, behar baino gehiago jan behar da. Horrek ez du esan nahi edonola jan daitekeenik. Oso era kontrolatuan egiten dugu. Eta definizio fasean, helburua desberdina denez, elikadura egokitu egiten dugu.
Entrenatzaile pertsonala zara, zuk zeuk antolatzen duzu zure entrenamendua?
Entrenatzaile izanda ere, entrenatzaile pertsonala dut. Izan ere, kirol hau edo bizi estilo hau, ez da oso objetiboa, hobekiago esanda, ispiluaren aurrean jarri eta norbere gorputzak izandako aldaketak antzematen, ez gara guztiz objetiboak. Kanpotik, aldaketak desberdin antzematen dira, normalean, objetiboagoa da, beti ere, kofidantzazko pertsona bat baduzu alboan.
Nire kasuan, esan bezala, entrenatzaile pertsonal bat dut; bere esku uzten dut nire prestaketa, berak esaten dit nola eta zenbat entrenatu eta elikatu, nahiz eta ondoren, inor gainean izan gabe, nire kasa entrenatu. Baina hala izanda ere, komunikazioa etengabea da. Horrela eginda lortzen dut gainera, estres maila jaistea.
Kulturismoan lehiakide kopuruak gora egin du?
Egia esan oso kirol minoritarioa da. Euskal Herri mailan oso jende gutxi gaude. Esango nuke, oso exijentea delako, eta hori izan daiteke jende gehiago ez animatzeko arrazoietako bat.
Azken urteetan, esaterako, modan daude crossfita eta entrenamendu funtzionala. Eragina ez da nabaritzen?
Azken bi urteetan, gorakada nabaritu da, kulturismoan, propio, ez hainbeste, baina bai gimnasioetan. Lau katu ibiltzen ginen lehen, eta hori bai, nabarmen, aldatu egin da. Seguruenik sare sozialek ere badute eragina, eta bultzatu du jende asko, indar entrenamenduetara zaletzea. Baina hortik kulturismora salto handia dago. Dena den, egia da, jendeak geroz eta interes handiagoa erakusten duela, eta lehen baino errekonozimendu handiagoa dugula. Nik neuk azken urteetan izandako esperientziatik hala jaso dut, behintzat.
Geroz eta gehiago zaintzen da gorputza.
Jendeak konzientzia hartu du gorputzak zaintzeak daukan garrantziaz; gorputz indarrak lantzeak duen onura fisiko eta psikologikoez konturatzen hasi da jende asko, eta bai, geroz eta jende gehiago eta adin tarte guztietakoa dihardu CrossFita eta entrenamendu funtzionala egiten, helburu desberdinekin.
Goierritarrak ere geroz eta gehiago zarete?
Goierri mailan, beste hiruzpalau bat atleta gaude. Euskal Herri mailan gehixeago, Eibarren (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia) eta Bilbon, batez ere.
Txapelketari dagokionez, kategoria desberdinak daude. Zein kategoriatan lehiatuko zara?
Bi kategoriatan parte hartuko dut: Men’s Physique kategorian. bainujantzi luzearekin atera beharko dut; eta Men’s Fitness. bainujantzi motzagoarekin. lehiatzen da kasu honetan.
Zergatik kategoria horietan eta ez beste batzuetan?
Gorputzaren estrukturak zehazten du hori. Nirea adibidez da gerri estua, anplitude klabikular handia, abdominal handiak, sorbalda handiak,… Ezaugarri horiekin, aukeratutako bi kategoriatan dut sailkapen on bat lortzeko aukera gehien.
Zerk puntuatzen du?
Itxura atletikoa eta V forma duena bilatzen dute. Horrez gain, giharrak landuak eta definizio maila ona izatea; simetria bat izatea; tarima gainean duzun karismak eta jarrerak ere garrantzia handia dute; Poseak ere kontatzen du, azken finean, atleta desberdinen arteko konparaketa bat egiten da, arautegiak esaten dituen poseak egin behar ditugu eta erakutsi behar dugu gure gorputza ahal den ondoen. Epaimahaiak hori guztia baloratzen du.
Uste duzu sailkapen on bat lortzeko aukerak dituzula?
Oso maila altua izango da, oso-oso prestatuta joango dira partaideak, baina ni ere etxekolanak ondo eginda noa eta nire burua ondo ikusten dut.
Lehen postuaren bila?
Helburua lehen bost postuen borrokan sartzea izango da. Zeren horra iritsita, Espainiako selekzioarekin Munduko txapelketara joateko aukera izango dut.