Goierriko 11 entitatek jaso dute enpresa berritzailearen Hazinnova ziurtagiria
2021eko edizioan 209 euskal espresak parte hartu dute Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, SPRIk eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako programa honetan.
Hazinnova programari esker euren berrikuntza-proiektua arrakastaz ezarri duten Goierri, Urola Kosta, Debagoiena eta Debabarrena hogeita hamahiru entitatek enpresa berritzailearen ziurtagiria jaso dute gaur, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, SPRIren eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik. Horietako lau -Zeraingo Lumagorri, Diatec Tools Internacional azpeitiarra, Azkoitiako Erlo Taladros y Roscadoras eta Elgoibarren kokatuta dagoen Sarikal Calibración-, Jardunbide Egokien adibidetzat aukeratuak izan dira Hazinnovaren bigarren edizioa izan den honetan. 2021 urteko ekitaldian, 2.300.000 euroko aurrekontua izan du.
Ziurtagirien banaketa ekitaldia, Goierri Valleyren egoitzan, Ordizian, egin dute. Xabier Perez Goierri Valleyren ordezkariak ireki du ekitaldia, bertaratu direnei “ongi etorria” eta “eskerrak” emanez. Eskerrak, batez ere, “enpresei”, haiek izan direlako “bide honetan protagonista nagusiak”. Goierri Valleyko ordezkariak berretsi du, “enpresen garapenean babesa” ematen jarraituko dutela.
Aitor Urzelai Spri taldeko zuzendariak hartu du segidan hitza; “Euskal enpresek, euskal industriak, aurrerapausoak eman ditzaten babesa emateko egunero lanean diharduten agente eta eragile guztiei eskerrak”, hasi da Urzelai. Hori esanda, gogoratu du, Hazinnova proiektuaren bigarren edizio honen barruan, “292” berrikuntza proiektu garatu dituzten, “209” enpresei aitortza egingo dietela hurrengo asteetan. “Produkzioaren, finantzen, logistikaren, administrazioren, merkatu berrien eta produktu berrien alorrekoak dira, besteak beste, 2019an Hazinnova martxan jarri zenetik, 400 enpresa ertain eta txiki baino gehiagok garatu dituzten berrikuntza proiektuak”. Orain arteko bidean lanean segi dezatela eskatu die ekitaldian parte hartu dute enpresatako ordezkariei; Spriren izenean, berrikuntzan garatzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi du.
Lehiakortasunari eusteko deia
Gotzon Bernaola Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren berrikuntza koordinatzaileak ere parte hartu du gaurko ekitaldian, eta honen lehenen hitzak ere, “eskerrak eta zorionak” emateko hitzak izan dira. Jarraian, nahiz eta onartu duen “enpresentzat erronka askoko momentua” dela, “berrikuntzan” lan egiten jarraitzera animatu ditu, “hori delako lehiakortasunari eusteko bidea”.
2022 urterako deialdia zabalik dagoela ere gogoratu dute. Aurtengo edizioan, 2.760.000 euroko aurrekontua izango du. Abenduaren 1era arte egin daitezke eskaerak.
Aipatu ere, jardunaldian izan direla sareko hamar tokiko agenteen -Hegan, AFM, Goieki, Siderex, Debagoienako Mankomunitatea, Iraurgi Berritzen, Elikaduararen Klusterra, Uggasa, Debegesa eta Urola Kosta- ordezkariak ere, laguntza zuzena eskaini dutenak berrikuntzako mikro-proiektuen ezarpen prozesuan.
33 enpresa
Hitzartzeen ondoren, diplomak banatu dizkiete, ondorengo enpresei: Lumagorri SL (Zerain), Montte SL (Beasain), Pulydec Burgos SL (Beasain), Caldereria Mecanizada Aizkorri SL (Idiazabal), Euskaber Koop. S. (Zaldibia), Aldanondo Gaztak SLU (Olaberria), T. Kimu SAL (Lazkao), Egumendi SL (Urretxu), Premank SL (Urretxu), Zorrotz Legazpi SLL (Legazpi), Manipulacion Mendizabal SL (Ezkio-Itsaso), Suministros Elgeta (Elgeta), Zerbitzu eta gestio mekaniko integrala SLU (Arrasate), Zubillaga hiltegia SL (Oñati), Aibe Mecanica de precision SL (Eibar), Comercial Alkorta Anaiak SL (Elgoibar), Conservas Zizzo SL (Mutriku), Urki Elektrizitatea (Eibar), Hansa Flex Iberica SLU (Elgoibar), Ingesea Automotion SL (Elgoibar), Iris Chains SL (Eibar), Naberan Sareak SL (Mutriku), Numator SAL (Soraluze), Pneumax SA (Elgoibar), Rec Accesorios SL (Eibar), Sarikal Calibracion SL (Elgoibar) eta Soraluze Makina Bereziak SLL (Soraluze).