Irizar e-mobility, Milango Next Mobility Exhibition azokan
Irizar Taldearen autobus jasangarrien gamako bi ibilgailu ikusi ahal izango dira gaur eta bihar. Atzo izan zen lehen azoka eguna.
Irizar e-mobilityk elektromugikortasunari lotutako bere azken aurrerapenak eta berrikuntzak aurkeztu ditu Milango Next Mobility Exhibition azokan. Irizar Taldearen autobus jasangarrien gamako bi ibilgailu egongo dira ikusgai: Irizar ie tram bat, 12,160 metrokoa, eta Irizar i3le hibrido bat, 12,750 metrokoa. Bi autobusak isilak dira eta Irizarrek ohar bidez jakinarazi duenez, “ingurumena errespetatzen” dute.
Iñigo Etxeberria Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “elektromugikortasunaren merkatua aurrerapauso erraldoiak” ematen ari da, eta “datozen hilabeteetarako hazkunde aurreikuspenak positiboak” dira. Gehitu du Irizarren “zero igorpeneko autobusek oso harrera ona izaten jarraitzen” dutela Europako merkatuan. Atzo izan zen lehen Next Mobility Exhibition azoka eguna eta bihar amaituko da.