Majoriko tabernako langileek greba mugagabea deitu dute
Larunbatean hasiko dute lanuztea. Enpresari bakarrik ez, Ordiziako Udalari ere eskatu diote konponbiderako pausoak ematea.
Majori kiroldegiko tabernako langileek grebara joko dute berriz ere. Larunbatean hasiko dute lanuztea, kiroldegiaren atarian, ELA sindikatuak deituta, gaur eguerdian egin duten agerraldian adierazi bezala; «lan gatazkari irtenbide bat bilatu bitartean iraungo du grebak».
Aspaldiko kexa gizarteratu dute ostera ere; «Majoriko obra, pandemia, ERTE-ak,… sufritu ditugu», baina horrez gain, eta behin lanean hasita, «lan baldintzak zeharo urratu» dizkietela adierazi zuten uztailaren 7an hasi eta bi hilabete iraun zituen greba iragarri zutenean, ekainean. BPXPORT XXI zen azpiegitura publikoaren baitan dagoen tabernaren orduko kudeatzailea.
Udalak plegu berriak egin zituen, Altamirako taberna kanpoan utzi zuen, eta irailaren 1ean, Athlon Sintagmia enpresak hartu zuen Majoriko tabernaren ardura.
Aldaketaren aurrean, «itxaropentsu» mantendu ziren langileak hasiera batean, baina gutxi iraun die: «Lan hitzarmena hobetzeko nahia helarazi genion enpresari. Batetik dago, 11 urte daramagula soldata igoerarik gabe eta merezitako igoera exijitzen dugu. Bestetik daude, bestelako lan baldintzak, horiek hobetzea eskatzen dugu, zeren aurreko asteburuan adibidez esne litro bakarra izan genuen asteburu osorako, ez dugu ez lurra garbitzeko xaboirik ez zabor poltsarik,… Noiz arte egon behar dugu horrela? Ordiziarrek ez al dute tratu hobea merezi?», galdetzen dute enpresari zuzenduz, baina baita Ordiziako Udalari ere. Izan ere, «enpresak bakarrik ez, Ordiziako Udalak ere badu zer esana gatazka honetan», nabarmendu dute langileek.
Enpresarekin biltzeko aukera izan dute, «baina bi bilera eta gero, aurkeztu genien hitzarmena betetzeko ezina erakutsi digute», ELAko ordezkariek azaldu dutenez. Udalari dagokionez, salatu dute, «beste aldera begira» dagoela.
Gauzak horrela, “konponbidea” exijitzen dute. Bien bitartean, greba mugagabea deitu dute.