ParteCar erabilgarri dago
'Hoop - carpool' aplikazioa bilatu behar da mugikorrean deskargatzeko. Beasaingo Udalaren app-an eta Barrendain Plazan jarri duten panel informatiboko QR kodea eskaneatuta ere eskuratu daiteke aplikazioa
ParteCar app-a martxan dago. Hoop – carpool aplikazioa bilatu behar da mugikorrean deskargatzeko. Beasaingo Udalak egin duena da aplikazio hori oinarri hartuta Beasaingo bertsioa sortu: Beasaingo armarriarekin, euskaraz… Bertsio hau eskuratzeko Beasain22N kodea sartu behar da. Halaber, Beasaingo Udalaren app-an eta Barrendain Plazan jarri duten panel informatiboko QR kodea eskaneatuta ere eskuratu daiteke aplikazioa.
Aplikazioa, beasaindarrentzat ez ezik, Beasain abiapuntu edo jomuga duten erabiltzaile guztientzat dago eskuragarri. «Beasainen gisako ingurune batean garraio publikoak izan ditzakeen gabeziak osatzea» da aplikazioaren helburua, Ugartemendiraren arabera.
ParteCarrek ibilgailu pribatua erabiltzen duten eta ibilbide eta egutegi antzekoak dituzten pertsonak harremanetan jartzeko balioko du, autoa elkarbanatzeko. Ugartemendiak emandako datuen arabera, auto pribatuen bataz besteko okupazio maila 1,5 pertsonakoa baino txikiagoa da. Errepidean dabiltzan ibilgailuen kopurua murriztuko da eta, hala, gas kutsatzaile gutxiago igorriko dira.
Autoa konpartitzeak abantaila ekonomikoak ere baditu. Gasolinaren kostua bidaiari gehiagoren artean finantzatzeaz gain, aplikazioan Beasain22N kodea sartzen dutenek %50eko hobaria izango dute. Hau da, Beasaingo Udalak gasolinaren gastuaren erdia bere gain hartuko du.
Herri barruko bidaiak
Beasain barneko mugikortasunean ere eragingo du. Hiri handien aldean, Beasainen modukoko herri txikiagoek «arazo eta erronka» ezberdinak dituzte Ugartemendiaren hitzetan, eta horregatik, irtenbide ezberdinak bilatu eta eskaini behar dira: «Beasainek herrigunea badauka, baina baita landagune eta auzoak ere. Esaterako, Arriaran eta Garin auzoetako bizilagunak Beasainekin hobeto konektatzeko ere balioko du».