Segurako XV. argazki lehiaketa martxan da
2023ko egutegia osatzeko helburuarekin antolatzen du lehiaketa udalak. Seguran erroldatutakoek edo bertako elkarteek zein taldeek parte har dezakete.
Segurako 15. argazki lehiaketa jarri du martxan Segurako Udalak, 2023ko egutegia osatzeko helburuarekin. Urtero bezala, herriko merkatari eta zerbitzuek kolaboratuko dute. Azaroaren 4ra arte bidali daitezke proposamenak. Gai librekoa izango da, Segurari buruzkoa betiere. Horretarako Seguran ateratako argazkiak izan beharko dira eta hori ziurtatzeko herriko elementuren bat edo eremuren bat agertuko da. Azaroaren 21ean aukeratutako argazkien zerrenda argitaratuko dute.
Sari banaketa, berriz, abenduaren 17an izango da, Botikaxaharren, XVI. Euskal liburu, disko eta jostailuen azokan. Argazkiak udaletxean aurkeztu beharko dira, emailez kultura@segura.eus helbide elektronikora bidalita. Bakoitzak gehienez 3 argazki aurkeztu ditzake. Argazkiak, argazkien izenburuak, egilearen izen-abizenak, telefonoa eta helbidea adierazi beharko dira emailean. Proposamenak orijinalak, ukitu gabeak, argitaratu gabeak eta saritu gabeak izan beharko dute.
Seguran erroldatutakoek eta herriko edozein taldek edo elkartek parte har dezakete. Irabazleak 300 euroko diru saria jasoko du, eta bigarren sailkatuak 150 eurokoa. Epaimahaiaren osaera udalak erabakiko du. Epaimahai horrek sariak eman gabe utzi ahalko ditu.