Zaldibiatik Lazkaomendirako bidea gaur zabalduko dute, berritze lanak egin ondoren
Zirkulazioarentzat itxita egon da Mirandako aldapa, aste pare batean. Asfaltaketa lanak egin dituzte.
Bi astean itxita egon ondoren, Zaldibiatik Lazkaomendirako errepidea gaur iluntzean (osteguna, urriak 13) irekiko dute berriz. Konponketa lanak egiten aritu dira Olaldetik Mirandara bitartean. Bidearen zorua hondoratuta eta zirrikituz josia zegoen zenbait lekutan, eta asfaltaketa lanak egin ditu Zaldibiako Udalak.
Foru Aldundiko landa-bideen konponketarako diru-laguntzarekin finantzatu du kostuaren zati bat udalak. Urriaren hasieran hasi zituen lanak, eta Gabiri Exkabazioak enpresak egin ditu. Guztira 48.411,25 euroko (BEZa barne) kostua izan du.