Ordizian 3,6 tona zabor jaso dituzte Oria ibaian eta Amundarain eta Mariarats erreketan
Ordiziako Udala ez dago gustura, iaz baino 600 kilo zabor gehiago jaso direlako, aurreko urteetako beheranzko joera apurtzen duena, eta gainera, zuzenean Garbigunera eraman beharreko trasteak bildu dituztelako.
Oria ibaian, eta Amundarain eta Mariarats erreketan egindako garbiketa lanen emaitza aurkeztu du gaur Ordiziako Udalak. 3,6 tona zabor jaso dituzte, iaz baino 600 kilo zabor gehiago. Maitane Alvarez Ordiziako alkateordea, ez dago gustura kopuruarekin, ez zuen espero iaz baino %20 zabor gehiago biltzea. Izan ere, azken bost urteetako tendentzia apurtu da: 2018an, 8.000 kilo zabor jaso zituzten; 2019an, 5.500 kilo; 2020 urtean, 4.500 kilo; eta 2021ean, 3.000 kilo. “Azken urteetako joera ikusita, espero genuen zabor gutxiago jasotzea. Tamalez, ikusi dugu ezetz, eta erreka eta ibai garbiketak behar beharrezkoak direla”, ondorioztatu du.
Kopuruarekin bakarrik ez, jasotako hainbat elementurekin ere harridura eta kezka agertu du Alvarezek; “oheko koltxoiak, erosketa orgak, seinale, kubo, hesi eta bizikletaren bat ere atera dituzte”. Gogorarazi du, horrelakoak botatzeko tokia ez direla “ez ibaiak ez errekak, garbigunea bertatik bertara dago”.
Zabor bilketari nolabaiteko alderdi positiboa bilatu dakioke, zabor pila hori behar den lekura eramango dute, “Garbigunera”. Dena den, azpimarratu du, “Udaletik kontzientziazio kanpainak egiten jarraituko” dutela.
Ekintza planeko ekintza
Urtero ibai garbiketak egitea Ordiziako Agenda 2030eko ekintza planeko 21.9 ekintza da eta gainera, proiektuaren helburua bat dator bete-betean Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin (1. Xedea), Garapen Jasangarriaren Euskal ingurumen-Estrategiarekin (3. Helmuga) eta Ingurumen Esparru Programarekin (1.2. eta 3.2. jarduketa lerroak).