Ordiziako Majori kiroldegiko tabernako langileek greba mugagabea hasi dute
Ordiziako Majori kiroldegiko tabernako langileek grebara jo dute berriz ere. Gaur hasi dute lanuztea. Kiroldegiaren atarian egongo dira. Grebak «lan gatazkari irtenbide bat bilatu bitartean», esan dute. Irailaren 1etik Athlon Sintagmia enpresak du tabernaren ardura. Langileek azken 11 urtetan ez dutela soldata igoerarik izan salatu dute eta lan baldintza kaxkarrez ere kexu dira. Udalari beste alde batera begiratzea leporatu diote.
Horra hor gaur banatu duten idatziaren edukia:
“Majoriko taberna, kiroldegia bezala, Udalaren zerbitzua da. Azpikontratazio bidez kudeatzen da, baina udalaren zerbitzua da.
2019 eta 2020a urte gogorrak izan ziren COVID-a dela eta. Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente luze bat jasan genuen, beste hainbat eta hainbat langilek bezala. Hori bai, kanpoko igerilekua
irekitzen zenean gu lanera, ixtean berriz gu etxera diru pilo bat galtzen.
Garai hartan Juanan Jimenez Modejar zen gure enpresa. Ordura arte egin beharrekoak beti bete zituen enpresa bat. Soldatak, generoa, ordutegiak, oporrak… Baina 2021ean, arazo ekonomikoak medio, soldatak ordaintzeari utzi zion. Generorik ez geneukan bezeroak merezi duen zerbitzua eskaini ahal izateko. Guk berarekin eta bai udalarekin bilerak izan genituen arazoa konpondu zedin.
Kostata, baina soldatena konpondu zen, ez horrela generoarena, eta tamalez,
horrela jarraitzen dugu.
Udalak eskaini zigun konponbidea? Plegu berriak ateratzea. Urgentziazko pleguak, behin betikoak prestatu bitartean. Beraz, hilabete batzuen ondoren, 2021eko irailean, BPXPORT XXIera subrogatuak izan ginen. Hala ere, kudeaketa guztia udalak egiten du. Ez genuen BPXPORT XXI-eko inor ezagutu. Beno bai, gurekin hilabete batzuk iraun zuen enkargatua.
Okerrera egin genuen. Altamira eta Majoriko tabernetaz arduratu behar ginen, ez geneukan generorik, ahozapiak ere etxetik ekartzen genituen, Majoritik Altamirara kobratzeko kaja eramaten genuen, edalontziak, tazak, janaria, pintxoak prestatzeko beharrezko guztia… Egutegirik gabe, ordutegirik gabe… Eta hainbat aldiz pertsona bakar bat denaz arduratzen. Lotsagarria.
Zenbat bilera behar dira hain erraza den zerbait konpontzeko? Kudaketa udalaren esku dago eta beraiek egoera zein den garbi asko dakite. Baina, akaso interesak beste batzuk al dira? Hiltzen utzi nahi al dute?
Langileok gure lanpostua defendatu nahi dugu, gure lan baldintzak hobetu nahi ditugu eta, noski, 11 urte soldata igoerarik gabe gaudenez, merezi dugun igoera nahi dugu. Horretarako hitzarmen propio bat negoziatzeko asmoarekin, bai enpresa eta bai udalari gure proposamena aurkeztu genien. Erantzuna? Enpresak ez zuela ezer negoziatuko esan zigun eta udalak ere ez. Plegu berriak ateratzen ari zirela,
behin-betikoak, eta horren ostean hitz egingo genuela.
Erantzun horiek jaso eta gero geneukan aukera bakarra borroka zen eta 2022ko uztailaren 7an greba mugagabe bat hasi genuen. Greba horrek 2 hilabete iraun zituen. BPXPORT XXIek argi utzi zigun plegu berri batzuk martxan zeudela eta ez zuela negoziatuko, baina udalak? Zergatik ez zituen gure eskakizunak kontutan hartu? Aspalditik zekien gure egoera eta gure nahiak zeintzuk ziren.
Abuztuan subrogazioa egin zen. Irailaren 1ean enpresa berriarekin hasi ginen. Gaur egun gure enpresa Athlon Sintagmia da. Aurkeztu zen enpresa bakarra. Honek ere beldur pixka bat ematen du… Akaso baldintzak ez al dira behar bezain onak? Oraingo honetan Altamirako taberna plegutik kanpo gelditu da.
Argi geneukan Athlon sartu orduko aukera bat eman behar geniola eta greba bertan behera gelditu zen. Gure enpresako hitzarmenaren nahia helarazi genien eta bi bilera eta gero beraien ezina aurkeztu ziguten. Ezin ekonomikoa, guretzako oso garrantzitsua, baina baita ere gure lan baldintzak… Aurreko asteburuan esne litro bat bakarrik izan genuen asteburu osorako. Horrela ibili behar ahal dugu? Udala noa begira dago? Edo, lehen esan dugun bezala, asmoak beste batzuk ahal dira?
Dakigunez, behar dugun materialaren eta generoaren kudeaketaren ardura udalarena da eta urte luze bat daramagu horrela. Ordiziarrek ez al dute tratu hobea merezi? Gure eskutan dagoen guztia egin dugu, ez dagozkigun lanak egin ditugu, gure etxetik aho-zapiak ekarri ditugu bazkariak eskaini ahal izateko, harategira joan gara oilaskoak erostera… Nazkatu gara! Nahikoa da! Urte asko daramatzagu hemen lan egiten eta errespetua eskatzen dugu, merezi dugun errespetua.
Grebara goaz, berriro ere grebara, eta oraingoan egoera konpondu arte mantenduko dugu. Udalari egoera honen konponbidea exijitzen diogu eta ez dadila beste alde batera begira egon.
Urriaren 15ean greba mugagabea hasi dugu. Lerro hauek, bezeroei suertatuko zaizkien eragozpenengatik barkamena eskatzeko aprobetxatu nahi ditugu. Argi dago borroka dela bide bakarra”.













