Arriaran auzoa biziberritzeko lanean
Arriaran Bizirik plataforma sortu ondoren, auzoa biziberritzeko lanketa ezberdinak egiten ari dira Arriarango auzotarrak. Ostiralean norabidea definitzeko lehen hartu-emana izan zuten.
Arriaran auzoa biziberritzeko lanean dabiltza auzotarrak. Auzoa bizirik mantendu dadin nahi dute eta horretarako auzoko ikuspegi ezberdinak jorratuko dituen proiektua garatuko dute, beharrak eta interesak identifikatuz. Pandemia bukaeran Arriaran Bizirik plataforma sortu zuten eta auzoaren etorkizuneko erronken inguruko hausnarketa prozesua jarri zuten martxan. Auzotarrek duten kezketako bat da biztanleria zahartzen doala eta biztanle berririk ez dutela. Besteak beste, biziberritze prozesuaren bidez, biztanle berriak erakartzea dute helburu, auzoa hutsik gera ez dadin.
Lau lan-ildo zehaztu dituzte datozen hilabeteetan lantzeko: etxebizitza mota ezberdinak eskaintzea, erdiguneko zerbitzuen eta erabileraren berregituraketa egitea, Beasaingo Udalarekin eta inguruko auzoekin harremanak sendotzea eta ingurune naturala berriz aztertzea. Ostiralean lehen bilera egin zuten auzotarrek proposamenak jasotzeko. Erdiguneko berregituraketa izan zuten hizpide. Zehazki, apaiz etxeak izan ditzakeen erabilerak aztertu zituzten. “Lehen irudikapena izan da, zer egin nahiko genukeen. Prozesu zabala da, oraindik ez dugu behin-betiko erabakirik hartu. Lehen hartu-emana izan da”, azaldu dute auzotarrek.
Bileretan jasotako proposamen eta ekarpenekin “auzoaren norabidea definitzen” hasiko dira. Arkitektura espazioak eta prozesuak gidatzen dituen Juntura Kooperatibarekin dabiltza lanean. Datozen 3 hilabeteetan Arriarango etorkizuna bideratzeko lanketa hori egingo dute. Prozesuaren helburu nagusia Arriaran auzoaren biziberritzea lortzea izango da.