Ataungo Udalak Botika-etxea desjabetuko dio La Caixari
San Martingo plaza erdian dagoen eraikin hori erabilera soziokulturalerako izatea jasota dago Arauetan. La Caixa banketxea da gaur egungo jabea, eta udalak egin dizkion erosketa saiakerei entzungor egin dienez, desjabetzen hasteko espedientea onartu du udalbatzak.
Ataungo San Martin auzoko plazaren erdian dagoen Botika-etxea edo Aierdi-Enea eraikina desjabetu egingo dio udalak La Caixa jabeari. Udalbatzak aho batez onartu zuen desjabetze espedientea hastea, urriaren 5eko osoko bilkuran, eta GAO aldizkari ofizialean urriaren 13an erabakia argitaratu ondoren, abian da prozesua. Banketxeari hamabost eguneko epea lehengo ostegunean hasi zitzaion, hein berean, helegiteak aurkezteko.
Ataungo Udalak urte askoan izan du Botika-etxea eskuratzeko nahia; EH Bildu gaur egungo udal taldeak ere hauteskunde-programa askotan txertatu du egitasmoa. Oraingo taldeari dagokion lehenengo saiakera, 2019koa da, agintaldi hasierakoa. La Caixa banketxe taldearen Criteria Caixa SAU enpresarena da gaur egun jabetza, lehengo jabe zen etxebizitza-promotore batek porrot egin ondoren bereganatua. 159 metro koadroko azalera du.
Ekipamendu soziokultural izendapena dauka Ataungo Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorrean Bikario-etxeak, eta erabilera horretarako nahi du udalak. La Caixak eskatutako prezio handiegiak –300.000 euro eskatzera iritsi ziren aurreko agintaldian–, ordea, galgatu zuen erosketa ahalegina. 2019ko irailean, hala ere, 60.000 eurora jaitsi zuen eskaria, bat-batean, banketxeak. “Hori ikusita, baiezkoa eman genion, prest geundela erosteko. Paperak bidali zizkigutenean, konturatu ginen ez zirela etxebizitzari buruz ari, baizik etxea dagoen partzelari buruz. Ez zekitela etxea zeukatenik ere konturatu ginen”, azaldu dio egunkari honi Martin Aramendi alkateak.
Eraikina ere bazegoen ohartarazpena egin beharrean aurkitu zen udala, salerosketa garaian azaleratuko zelako, bestela. Orduan, berriz ere 250.000 eurora igo zuen prezioa La Caixak. Udalak, azken kontraeskaintza bezala, 100.000 euro eskaini zizkion: 60.000 etxeagatik, 40.000 partzelagatik. Pandemiaren iritsierak eten zuen hurrena tratua.
Teknikarien aldeko txostena
Ataungo Udalak, geldialdia nolabait etetearren, lortu zuen 2021eko uztailean La Caixaren bi teknikari Bartzelonatik Ataunera etorraraztea. “Lortu nahi genuen haiek hona etortzea, zeri buruz ari garen ikusi zezaten”. Lur saila eta etxea ikusi zituztenean, udalari arrazoi eman zieten bi teknikariek. “Ahozko adostasunera iritsi ginen, 60 eta 60 (etxea eta partzela). Txosten bat egingo zutela, eta haien administrazio kontseilutik pasatu behar zuela. Milaka txosten zituztela, eta hiruzpalau hilabete batzuk beharko zirela. Urri-azarora arte itxaron genuen, eta notiziarik ez. Deika hasi berriro, eta hona etorri zirenak jada ez zeudela lehengo lanpostuan, baina txostena eginda utzi zutela argitu ziguten”, gehitu du alkateak.
Baina aurtengo urtarrilean, berriro ere 250.000 euroko eskaerarekin zuzendu zitzaien La Caixa udalera. “Adarjotzea iruditu zitzaigun”. Hala, desjabetzearen bidea aztertzen hasi zen udala. “Badu ahalmena udalak. Abokatuek ere aukera ikusten zuten, eta, pauso guztiak emanda, txosten bat egin zuten desjabetzeko”. Urriaren 5ean politikoki onartu zuen udalbatza osoak, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin.
Txostenean jasota dago, hein berean, udalak ez diola uko egiten akordiora iristeari eta negoziatzen segitzeari. “Bestela, epaile batek erabakiko du zer preziotan desjabetu. Gure balorazioen arabera, 20.000 euroan izango litzateke”, argitu du alkateak.
Erabilera zehazteko prozesua
Neurri berean, desjabetze prozedurarekin batera, Botika-etxean zer ekipamendu soziokultural jarriko duten zehazten hasiko da udala. Herritarrek ere ekarpenak eta ideiak eman ditzaten, parte-hartze prozesu bat irekiko dute. Orain arte, liburutegia eta kultur etxea kokatzeko egitasmoak nagusitu dira eraikin horretarako. Udal gobernu taldeak, belaunaldien arteko topaleku izateko ere nahi du.
Herritarrekin batera zehaztuko dute Botika-etxeak zer funtzio beteko duen, behin desjabetzeak bere bidea bukatutakoan.
Hirigintza arauak berritzea
Ataungo Udalak esku artean duen beste proiektu bat, Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorra berritzearena da. Gaur egun indarrean dauden arauak 2005ean sartu ziren indarrean, 2000tik 2004ra lanketa eta idazketa prozesua garatu ondoren.
Beste horrenbeste egiteko asmoa du orain udalak. Proiektuaren idazketa lana esleituko du aurki. Maiatzean ateratako lehenengo deialdian ez zen enpresarik aurkeztu, eta, bigarren deian, baldintza batzuk aldatu ondoren, enpresa batek aurkeztu du bere burua lehiaketara.
Arauen berrikusketa hurrengo lau urteetarako “lan garrantzitsua” izango dela aurreratu du Martin Aramendi alkateak. “2005eko Arauen proiektua errebisatu, aurreikusitakotik zenbat bete den ikusi, eta etorkizunera begira jarrita zer Ataun nahi dugun zehaztuko da”.