Autobus-ehunez egindako moda, Igartubeiti Baserri Museoan
Urriaren 20tik maiatzera 'Eko-moda: autobus ehunez egindako diseinuak' erakusketa jarriko du museoak ikusgai. Igandean 'Eko-poltsa' tailerra egingo da.
Moda jasangarria Igartubeiti Baserri Museora iritsi da. Ostegunean ‘Eko-moda: autobus ehunez egindako diseinuak’ erakusketa irekiko du museoak. Autobus ehunez egindako moda izango da ikusgai, maiatzera arte. Urrian, erakusketa, tailer eta solasaldi baten bidez, jasangarritasun-ekintzei buruzko gogoeta eragin nahi dute.
Irizarrek, Emausek eta KOTOI markak ehun-hondakinei beste aukera bat emateko hasitako bidearen erakusgarri da erakusketa, ehunak gaur egungo moda diseinuetan eraldatuz. Fanny Alonso diseinatzaileak sortutako jantziak ikus daitezke, baita KOTOI markak egindako osagarriak eta beste jantzi batzuk.
Erakusketaz gain, helduentzako eta haurrentzako jarduera-programa bat antolatu du museoak. Larunbatean, ‘Zure estutxea egin ehun-hondakinekin’ tailerra egingo da. Plazak beteta daudenez, azaroaren 19rako gai bereko beste tailer bat antolatu da. Igandean, aldiz, 11:30ean, ‘Eko-poltsa’ tailerra izango da, egunerokoan egin daitezkeen jasangarritasun ekintzak aztertuko dira. Ondoren, Irizarreko ehungintzako hondakinekin sagardo botila bat garraiatzeko poltsa bat egingo da.
Parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea, igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 72 29 78 edo 943 72 51 07 telefono zenbakietara deituta.