«Deitu zidatenean hartu nuen lehen sorpresa, eta saria jasotzean zer esanik ez, sorpresa bikoitza»
Zaldibiako V. Zapi Janzteko irabazle izendatu berritan, dituen sentimenduak azaldu ditu Eneko Araiztegi 'Korta' bertsolari segurarrak: "Urtebetetze egunean baino zorion mezu gehiago jaso ditut!".
«Deitu zidatenean hartu nuen lehen sorpresa, eta saria jasotzean zer esanik ez, sorpresa bikoitza». Eneko Araiztegi Korta segurar bertsolariaren hitzak dira horiek, Zaldibiako Zubi-Buru elkartean ostiral gauez jokatu zen Udazkeneko V. Zapi Janztearen irabazlearenak. Iazko zapidunak, Nerea Ibartzabal markinarrak, jantzi zion zapia buruan segurarrari.
Sariketaren aditzera bazuen Kortak, eta bideoren bat edo beste ere ikusia zuen, baina ez zuen inondik inora espero irabazle suertatzerik, are gutxiago kantukideak zein zituen ikusita: Nerea Ibartzabal, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus. «Mailaz nahiko gorabeheratsu ibili nintzela uste dut, plazan gutxi jardutearen ondorioz seguru asko. Egia da publikoarengana iristen diren ateraldi batzuk izan nituela, baina gainontzean gorabeheratsu». Bertso munduko «izar horiekin» kantatzera ez dagoela ohituta esan du, baina halakoetan ez duela presiorik sentitzen, «saio ona egitearen ardura haiena baita nirea baino gehiago». Ostiralean hiruko horren alboan «ondo sentitu» zela nabarmendu du.
Mahaiaren bueltan izan ziren 80 bertsozale inguruk zapia Araiztegik merezi zutela ebatzi zuten, eta hark «oso gustura» jantzi zuen. «Urtebetze egunean baino zorion mezu gehiago jaso ditut!», bota du bertsolari senari jarraika. Whatsappeko profilean ere zapidun argazkia jarria dauka. «Egun batzuetan hori edukiko dut, gero aldatuko dut!». Izandako «bertso giro ederrari» ere aipamena egin dio segurarrak. Datorren urtean zapidun modura itzuliko da Zaldibiara.