Ezkioko lotunea, ezbaian
Nafarroako Abiadura Handiko Trena eta Euskal Y-aren arteko lotunea non egingo den zehazteko erabakia 2023ra atzeratu du Espainiako Gobernuak. Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak proiektuari buruz "ezer gutxi" dakitela adierazi du.
Azken hilabeteetan hedabide ezberdinek argitaratu dutenaren arabera, Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren eta Euskal Y-aren arteko Ezkioko lotunea zalantzan dago. Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioak jakinarazi zuen aurten hartuko zuela erabakia, baina urtebete atzeratu dute, gutxienez 2023ra.
Bi aukera daude. Lotunea Gasteiztik ala Ezkiotik egingo da, baina era batera edo bestera, lotura egin egingo dela esan du Espainiako Gobernuak. EAJ, Geroa Bai eta UPN Ezkiotik egitearen aldekoak dira. PSNk ere iritzi bera izan du duela hilabete gutxira arte. Uda aurretik, baina, funtsezkoa egitea dela adierazi zuen, nondik egitea lehenesten duten argi utzi gabe. PP Gasteizkoaren aldekoa da.
Ezkioko lotunea Gasteizkoa baino garestiagoa izango litzateke. Gasteizko lotuneak izango lituzken 75 kilometroen gastua 704 milioi eurokoa da, eta Ezkiok izango lituzken 55 kilometroena gastua, berriz, 2.061 milioi eurokoa.
Ezkio ahoz aho dabilen bitartean, Ezkio-Itsasoko alkateak adierazi du “ezer gutxi” dakitela proiektuaren inguruan eta ez dietela ezer jakinarazi: “Dakigun guztia hedabideetan irakurri eta ikusitakoa da, zuzenean ez digute ezer azaldu”. Ezkioko AHTaren geltokia ia bukatuta dago: “Geltokia hor dago, egin beharreko lanak bukatuta daude. Aparkalekua, argindarra, saneamendua… Geltokiko eraikina janztea falta da”.