Lazkaoko EH Bilduk Mikel Otero legebiltzarkidearekin hasiko du udazkeneko hitzaldi-sorta, energia krisiari buruz
'Lazkao garatuz' hitzaldi zikloaren bigarren emanaldia antolatu dute. Aurreneko solasaldia, Oterorekin, bihar asteazkena, 19:00etan kultur etxean da.
Lazkaoko EH Bildu alderdiak ‘Lazkao garatuz’ ekimeneko bigarren hitzaldi-sorta prestatu du, udazken honetarako. Hiru solasaldi iragarri dituzte, alderdiko hiru hautetsik emateko. Lehenbizikoa bihar da, urriak 19, asteazkena, 19:00etan, Lazkaoko kultur etxean. Herritar guztientzat irekiak dira.
Mikel Otero Eusko Legebiltzarreko parlamentaria izango da lehen hizlaria Lazkaon. Nola egingo diogu aurre energia-krisiari? gaia landuko du.
Azarorako eta abendurako beste hitzaldi bana iragarri ditu Lazkaoko EH Bilduk. Azaroan –eguna ez dute zehaztu–, Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak Emakumearen aurkako indarkeria gaia jorratuko du. Abenduan, azkenik, Espainiko Kongresuko diputatu Bel Pozuetak Madrilen zer berri? izeneko hitzaldia egingo du, EH Bildu han egiten ari den lana xehetzeko.
EH Bilduk, bestetik, etxez etxe inkesta bat banatu du gaur. Lazkaori buruz herritarrek dituzten interesak, informazioak eta iritziak jasoko dituzte, hainbat galderari erantzunda.