Mikel Aizpuru historialari gabiriarraren liburuak akatsez birziklatzera bota ditu Barakaldoko Udalak
2011n idatzitako 'Barakaldo, una ciudad industrial: auge y consolidación (1900-1937)' liburuaren lote bat joan da papera prozesatzeko enpresa batera, Barakaldoko udal liburutegietara bidali beharrean. Berreskuratu nahian ari dela jakinarazi dute.
Barakaldotik iritsi da eguneko bitxikeria. Mikel Aizpuru historialari gabiriarrak Bizkaiko hiri hari buruz 2011n idatzitako ikerketa liburu historiografikoa birziklatzera joan da. “Akatsez”, Barakaldoko Udalak Barakaldo, una ciudad industrial: auge y consolidación (1900-1937) liburuaren lote bat zakarretara bota du, herriko liburutegi publikoetara zabaldu beharrean.
Albistea gaur argitaratu du El Correo egunkariak. Botatako liburu horiek berreskuratu nahian ari direla ere gehitu du. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean, Kultura Ondarearen zuzendaria da gaur egun Aizpuru.
Aizpuruk 2011n atera zuen bi liburukiko obra, Ediciones Beta III Milenio argitaletxearekin Barakaldoren bilakaera ekonomikoa eta industriala aztertuta. Lehen liburukian 1900-1937 epea landu zuen, eta bigarrenean 1937-2004 epea.
Liburu berriak 270 euroan daude salgai interneteko salmenta plataformetan. Bigarren eskukoak, 207,50 euroan.