'Nire erara bizitzeko erronka', Atzegiren kanpaina berria
Aurtengo kanpainak desgaitasun intelektuala duten pertsonek nola bizi nahi duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du. Beasainen egin dute Goierri beheko elkartearen aurkezpena.
Desgaitasun intelektuala duten pertsonek modu independentean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzea da Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpainaren helburua. Beasaingo udaletxean atzo egin zuten kanpainaren aurkezpena Atzegiko eta udaleko ordezkariek.
Nire erara bizitzeko erronka lelopean, Atzegik, gizartearen zati handi batentzat oraindik ezezaguna den alderdi bat ikusarazi nahi du; adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independentean bizitzeko duten gaitasuna eta eskubidea.
Horrez gain, Atzegik profilen eta bizi-aukeren aniztasuna islatu nahi izan du, eta, horregatik aurten, ohi bezala bi kartelen ordez, bizitzeko lau modu desberdin islatzea erabaki du lau kartel eta bideoren bidez; bideoak hurrengo asteetan zehar emitituko dira Atzegiren sare sozialetan. Lehen bideoa atzo zabaldu zuten –gazteleraz dago, euskarazko azpitituluekin–.