Eskalada bideak historian gora
Joseba Iztueta gabiriar eta Ekaitz Maiz goierritar jatorriko eskalatzaileek bi lorpen esanguratsu egin dituzte, aurten. Vignemalen 'Betiko argia' bidea ireki dute, Amaiurren 500. urtemuga omentzeko. Kaukason ere izan dira.
Goi mendien espedizioetatik eskalada bide berriak irekitzera igaro da aurten Joseba Iztueta mendizale gabiriarra. Legazpiar jatorriko Ekaitz Maiz eskalatzaile iaioa lagun hartuta, bi lorpen handi erdietsi ditu.
Pirinioetako Vignemale mendiaren (3.298 metro) ertzean, Betiko argia bidea zabaldu dute, batetik. Bi alditan bukatu zuten, maiatzean hasi eta erababat uztailaren 10ean amaitu. Vignemaleren ipar horman, 650 metro luze eta 7c zailtasuna du handiena, luze batean. Amaiurko nafar gotorlekuko borrokaldiaren 500. urteurrenari keinu egin diote, izendapen hori emanda.
«Pirinioetako leku karismatikoenetako bat da Vignemale, eta oso bisitatua. Aurrez bide batzuk irekita baziren, baina azkeneko urteetan ez zegoen ezer berririk. Ekaitzek bidea fitxatuta zeukan, eta komentatu zidanean, ezin ezetz esan», dio Joseba Iztuetak.
Harkaitz oneko bidea da Betiko argia. «Eskalada tradizionala, autoprotekziozkoa, ahalik eta material gutxien uzten saiatu ginen, mendi honetako beste bideen etikari jarraituz. Horrek izaera ematen dio bideari, zailtasun edo konpromiso pixka bat erantsiz».
Udan, Kaukason
Vignemaleko lorpenaren ondoren, Georgiara joan ziren Iztueta eta Maiz, Kaukaso mendilerroko Ushba South mendira. Espainiako estatuan inork igo gabeko bide batetik igo ziren gailurrera (4.710 m). «Igo genuen bidea igotzen estatu mailan jende asko saiatu da, baina gailurreaino igo gabea zen inor. Mikel Saez ordiziarra izan zen 2011n, eta eskaladako zati luzeena igotzea lortu zuten arren gailurrera ezin izan ziren iritsi, eguraldi txarrak tarteko», argitu du Iztuetak.
Errusiarrek zabaldutako bide luze eta gogor bat da, Mishaliev izenekoa, bi eskalatzaileek gainditu dutena. Mendi «oso zakarrararekin eta gogorrarekin» topo egin zuten; eguraldi ezegonkorrekoa, ekaitz ugari izaten dira. Mishaliev bideak, gainera, mendiaren horma luzeena harrapatzen du.
Horman lau egunean zintzilik bizi izan ondoren lortu zuten erronka menperatzea. «Guk lau egunetan igo eta jaistea lortu genuen. Zortea izan genuen eguraldiarekin eta baldintzekin».
Uztailaren 30ean zapaldu zuten Ushba tontorra, 1.800 metro luzeko eta 6C M5 zailtasuneko eskalada eginda. «Bertan esan ziguten azken urteetan inork ez duela lortu igotzea».
«Benetako alpinismoa»
Kirol lorpenarekin ezezik, Kaukasoko inguru harekin ere txundituta itzuli dira, mendizaletasunaren «lehengo esentzia» berraurkitu dutelako. «Benetako alpinismoa, benetako jendea eta kultura. Bertako bagina bezala sentiarazi gintuzten».
Orokorrean, «gozatu ona, eta nekatua ere bai». «Abentura handia izan da. Horrelako mendi bertikal gutxi daude, hainbeste metroko hormarekin».
Uda bikaina borobiltzeko, abuztuaren 28an, azkenik, Chamonixen Peuterey mendiko horma ia era integralean eskalatu zuten Iztuetak eta Maizek.