Bakearen alde kantaka
Kantaka abesbatzak, beste hiru korurekin 90 ahotseko taldea osatuta, 'The armed man' kontzertua egingo du. Leticia Bergara bakarlaria eta tresna taldea ere ariko dira. Lazkaon da, bihar
Bakearen aldeko alegoria musikala den The armed man (Gizon armatua) kontzertua bihar taularatuko du Kantaka abesbatzak. Azken urteetako eszenaratze ikusgarriekin jarraituz, ez dira bakarrik izango. Ormaiztegiko Urmaiz, Donostiako Aita Donostia eta Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatzek lagunduko diete lazkaotarrei, musikariez gain.
Denera 90 ahotseko orfeoia osatuko dute. Kantakako zuzendari Javier Alberdik zuzenduko du kontzertua. Leticia Bergara bakarlari irundarrak ere abestuko du, obraren zenbait zatitan.
Ahotsaz gain, goren mailako musikariek osatutako musika-tresna taldea ere Areriako oholtzan izango da. Pianoa —Arantxa Gastesi beasaindarrak joa—, organoa, hiru tronpeta, bi perkusiolari eta hari-tresnak bildu ditu Alberdik, Gipuzkoako kontserbatorio eta musika eskoletako irakasleak denak.
Ikusteko proiekzioa ere bai
Kontzertua bihar 20:15ean hasiko da, Lazkaoko Areria antzokian. Sarrerak aurrez udalaren Lazkao.eus webguneko salmenta zerbitzuan eros daitezke, eta geratzen baldin badira, antzokiko leihatilan ere bai. 5 euro balio du.
Zineman izanda, The armed man kontzertuaz espresuki egindako filmeko irudiak ere proiektatuko dute, pantaila handian, kantaldiak dirauen bitartean. Kantakak 2014an ere eskaini zuen emanaldia.
Karls Jenkins konposatzaileak (Penclawdd, Gower, Gales, 1944) 2000. urtean konposatutako obra da The armed man. Balkanetako Kosovoko gerrak inspiratu zuen. «Gerra garaian bakearen alde egindako kontzertua da The armed man. Kultura ugariren oihartzunak sartu zituen bertan: meza katolikoa, meza protestantea, mahometanoen otoitzerako deia…», laburbildu du Javier Alberdik.
Literatura-testuetan oinarritutako hitzak ditu. Kipling, Malory, Dryden, Swift edo Toge Sankichi japoniarrak Hiroshimako bonba atomikoaz idatzitako testuak ditu.