Denis Itxasok adierazi duenez, "aldiriko trenen kudeaketa inoiz baino gertuago dago"
Bizkaia Irratiari jakinarazi dio Renfeko "aldiriko trenen zerbitzua Jaurlaritzaren esku jarri ahal izateko lanean" dabiltzala: "Atzo bidali genion azkeneko proposamena eta orain espero dugu Jaurlaritzak ondo aztertzea". Goierrin, Brinkola-Legorreta zatiari eragingo lioke.
Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasok jakinarazi duenez, Renferen aldiriko trenen transferentzia “inoiz baino gertuago” dago. Espainiako Gobernuko Lurralde Politikarako Ministerioak eskualdaketa egiteko azken proposamena bidali dio Eusko Jaurlaritzari, eta Jaurlaritzak proposamena aztertu beharko du orain.
“Azkeneko hilabeteetan lantzen ari garen eskumen baten transferentziari buruz ari gara. Autogobernurako garapen lanak ez dira eten, ekipo teknikoek zorrotz jardun dute lanean aldiriko trenen zerbitzua Jaurlaritzaren esku jarri ahal izateko. Azkenekoa atzo bidali genion eta orain Jaurlaritzak ondo aztertu behar du”, azaldu du Itxasok Bizkaia Irratian.
Brinkola-Irun eremuko eskumena transferituko litzateke, baina ez du xehetasun teknikorik eman nahi izan. “Ez nituzke xehetasunak garatu nahi, negoziaketan baikaude. Egia da linea ez dela hor bukatzen, Kantabriara doa. Autonomia Erkidego barruan eskaintzen diren aldiriko tren zerbitzuak transferituko lirateke eta beste autonomia erkidegoak zeharkatzen dituen lineak Estatuaren esku geratuko lirateke”, gehitu du. El Correo egunkariak argitaratutakoaren arabera, linea osoaren kudeaketa Renferena litzateke 2028ra arte.
Goierriri dagokionez, Irun-Brinkola linean, Brinkolatik Legorretara doan zatiari eragingo lioke.