Etzi jokatuko da Seguran Euskal Herriko Dantza txapelketa
Bederatzi bikotek parte hartuko dute aurten. Aukeran dantza konpainiak Hurrengo Geltokia emanaldia eskainiko du. ETB1-ek 21:30ean emango du txapelketa.

Segura Euskal Herriko dantzari onenen elkargunea bilakatuko da larunbatean, 46. Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko baita Baratze Pilotalekuan, 18:00etan. Dantzariek zortzi pausoko fandangoa txistuz Isilkara Txistulari Taldearen musikarekin dantzatuko dute, eta Arin-Arina trikitiaz Estanga anaia-arreba trikitilarien piezarekin. Bi pieza ezberdin joko dituzte musikariek, tartekatuz.
Dantzariak izango dira protagonistak, txapela lortzeko dantzan ariko direnak. Bederatzi bikotek parte hartuko dute. Gehienak gipuzkoarrak izango dira. Sopela (Bizkaia) ordezkatzen bikote bat ariko da, Lezo ordezkatzen bi bikote, Azpeitia ordezkatzen lau bikote, eta Bergara eta Zestoa ordezkatzen bikote bana. Hamarrek eman zuten izena hasieran, baina Garazi Fernandezek eta Diego Duranek (Barakaldo ordezkatu behar zuten) baja eman dute azken momentuan.
Dantza epaimahaia Euskal Dantzarien biltzarreko bost adituk osatuko dute: Sestaoko Gabriel Alonsok, Pasaiako Idoia Besadak, Hernaniko Karlos Sarriegik, Orioko Koro Sarasolak eta Donostiako Xabier Mendizabalek. Jantzi epailea Errenteriako Estibalitz Iturria izango da.
Aukeran dantza konpainia
Txapelketako atsedenaldian dantzak ez du etenik izango. Aukeran Dantza Konpainiak Edu Murumendiarazek zuzendutako Hurrengo Geltokia emanaldiaren zati bat eskainiko du. Aurretik, eguerdian, Segurako plazan emanaldia osorik egingo dute. Euria egiten badu Errebote plazako karpan izango da.
Txapela eskuratzen duen bikoteak Aitor Ruiz de Egino eskultura egilearen garaikurra, 800 euro, oroigarria, txapela, lepokoa eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak emandako trofeoa jasoko du; bigarren sailkatuek 600 euro eta oroigarria; eta hirugarrenek 500 euro eta oroigarria. Dantza jantzien saria, lurralde bakoitzeko ongien sailkatutakoena eta Guillermo Areizaga sari berezia (lehenbiziko aldiz aurkezten diren bikoteetan onenari) ere banatuko dituzte. 1977an jokatu zen lehen aldiz txapelketa Seguran, Areizaga alkate zela. 1994tik haren izenean sari berezia ematen da.
21:30ean, ETB1-n
Txapelketa Baratze pilotalekuan ikusteko sarrerak www.bibe.me webgunean erosi daitezke, eta baita aurrez aurre udaletxean zein egunean bertan. 17:15ean irekiko dituzte ateak. 1994an hasi zen ETB txapelketa emititzen, eta aurten ere hala izango da. ETB1-ek 21:30ean emango du, eta www.eitb.eus webgunean ere ordu horretatik aurrera jarraitu ahal izango da.
BIKOTE PARTAIDEEN ZERRENDA
1. Maren Galvez-Gorka Granado (Lezo-Sopela)
2. Katerin Artola-Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo)
3. Leire Urrestilla-Iker Urrestilla (Zestoa)
4. Ane Jaunarena-Endika Osa (Lezo)
5. Elaia Elortza-German Aranburu (Azpeitia)
6. Alaia Amubieta-Amets Amubieta (Azpeitia)
7. Irati Uzkudun-Ekain Uzkudun (Zestoa-Azpeitia)
8. Saioa Murgiondo-Julen Galarraga (Bergara)
9. Nora Aizpuru-Iker Zabala (Azpeitia)
*Beltzez, bikote bakoitzak ordezkatuko duen herria.