Euskal Herriko ziklo kros egutegiko hiru proba jokatuko dira azkenean Goierrin
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak abuztuan aurkeztutako aurre-egutegian aldaketak egin ditu. Beasaingo Ziklokros Sari Nagusia bertan behera geratu da.
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak Euskal Herriko 2022/2023 ziklo kros denboraldiko ranking-a aurkeztu du. Goierrin hiru proba jokatuko dira azkenean, eta ez lau aurreikusita zegoen bezala. Beasaingoa ez da egingo. Abuztuan aurre-egutegia aurkeztu zuen Federazioak. 16 proba aurreikusi zituzten. Behin-betiko egutegian, aldiz, 11 proba zehaztu dituzte.
Beasaingo Ziklo Kros Sari Nagusia ranking-etik kanpo geratu da, bertan behera geratu baita. Azaroaren 19an zen jokatzekoa. Iñigo Aranguren Loinaz Txirrindularitza Elkarteko kideak azaldu du “nagusiki ibilbidean arazoak” izan dituztelako hartu dutela erabakia, “penaz”. Aurreikusita zeuden Goierriko beste hirurak jokatuko dira. Legazpikoa azaroaren lehenean izango da, Segurakoa abenduaren 10ean (lasterketa hori antolatzen duten lehenengo urtea da) eta Ormaiztegikoa urtarrilaren 8an. Beasaingoaz gain, Elorriokoa, Arbulukoa, Iruñekoa, Berakoa eta Jose Maria Basualdoren omenezko proba geratu dira egutegitik kanpo, eta Ametzagakoa gehitu dute.
2022/2023 denboraldiko egutegia:
- Urriak 23: Berrizko Ziklo Kros Sari Nagusia
- Azaroak 1: Legazpiko Ziklo Krosa
- Azaroak 13: Zornotzako Ziklo Krosa
- Azaroak 20: Lezamako Ziklo Kros Zirkuitua
- Azaroak 27: Abadiño Udala Saria
- Abenduak 3: Ametzagako Ziko Krosa
- Abenduak 4: Urdiaingo Ziklo Krosa
- Abenduak 10: Segurako Ziklo Kros Saria
- Abenduak 18: Aiarako Ziklo Krosa
- Abenduak 31: Tolosan, Euskal Herriko Txapelketak
- Urtarrilak 8: Ormaiztegiko Ziklo Kros Proba
Ranking-eko lasterketez gain, beste hainbat proba jokatuko dira. Ortuellakoa dagoeneko jokatu da, eta hurrengo hilabeteetan Laudiokoa, Karrantzakoa, Igorrekoa eta Amurriokoa jokatuko dira. Federazioak adierazi du helburua “txirrindularitzaren ziklo kros diziplina garatzea” dela eta, horretarako, lasterketez gain “hainbat teknifikazio jardunaldi antolatuko” dituztela neguan.