Kafe-tertulia Igartubeitin, autobus ehunez egindako diseinuen erakusketa aurkezteko
Maiatzera arte egongo da ikusgai. Igandean, Irizarren ehun hondakinak erabiliz sagardo botila bat eramateko poltsa sortzeko tailerra egingo dute.
Kafe-tertulia egin dute goizean Igartubeiti Interpretazio Zentroan, Ekomoda: autobus ehunez egindako diseinuak erakusketa berria aurkezteko. Erakusketa ezagutu eta erakusketan parte hartu duten enpresa eta erakunde desberdinen ekintza jasangarriak partekatu dituzte. Erakusketa Irizar autobus enpresaren, Kotoi moda marka jasangarriaren, Emaus-en eta azken horren Sindesperdicios upcycling enpresaren arteko lankidetza da.
Erakusketa maiatzera arte egongo da ikusgai Igartubeitin eta horren harira ekintza desberdinak antolatuko dituzte. Igandean goizeko 11:30etan helduentzako tailerra izango da, Egin zure eko-poltsa izenekoa. Irizar autobus enpresaren ehun hondakinak erabiliz eta Kotoi marka jasangarriko arduradunen laguntzarekin, sagardo botila bat eramateko poltsa bat sortuko dute parte hartzaileek.