Lau mendizale goierritar Himalaiako Himlung mendira bidean
Kepa Urmeneta legazpiarra, Xavi Urrate urretxuarra, Pedro Garcia ordiziarra eta Koke Lasa ormaiztegiarra urriaren 5ean abiatu ziren Goierritik Himlungeko (7.126 metro) espedizioa egitera. Une honetan oinarrizko kanpalekuan (4.825 metro) daude, baina 6.200 metrora igo ziren atzo ekipazio lanak egitera.
Goierriko lau mendizale Nepalgo Himlung (7.126 metro) igotzeko espedizioan murgilduta daude bete-betean. Kepa Urmeneta legazpiarra, Xavi Urrate urretxuarra, Pedro Garcia ordiziarra eta Koke Lasa ormaiztegiarra urriaren 5ean abiatu ziren Goierritik Himalaia aldera. Une honetan oinarrizko kanpalekuan (4.825 metro) daude, baina 6.200 metrora igo ziren atzo ekipazio lanak egitera.
Xavi Urrateren alaba Amaia Urratek adierazi duenez, laurak “ondo daude”, eta satelite bidezko telefonoekin mantentzen dute haiekin komunikazioa. “Oinarrizko kanpalekura iritsi zirenean, erreskateak egiten zebiltzan han eguraldi txarraren ondorioz, eta horrek bi eguneko atzerapena suposatu die, baina ematen du eguraldiak hobera egin duela, eta datozen egunetan gailurrera igotzea da haien asmoa”.
Mendizale gutxi hartzen dituen mendia
Pedro Garcia mendizale ordiziarrak Goierriko beste hedabide bati aurreratu zionez, Himlung “mendizale gutxi hartzen dituen” mendia da. “Hori da hara joateko arrazoietako bat, eta gainera lagun bikainekin. Beste mendi batzuetan ikusten ditugun erromeriarik ez da izango han”.
Lehendabizi bost eguneko trekking bat egin behar izan zuten oinarrizko kanpalekura iristeko. “Phu ibaiaren bailara zeharkatu, Dharmasala, Meta, Kyang eta Phu Gaon igaro –Naa Phuko asentamentu budistarik handiena dago han–, eta hainbat glaziar, amildegi eta harkaizti zeharkatu ondoren, oinarrizko kanpalekura”.
Altuerako bi kanpaleku jartzeko asmoa zutela adierazi zuen abiatu aurretik Garciak. Lehena 5.400 metrora, Pangri glaziarra gainditu ondoren, eta bestea 6.200 metrora. “Hori da zatirik zailena, izotz bloke (serac-ak) eta arrakala handienak han baitaude. Handik gailurrera 35-40 gradu arteko mendi magalak ditugu aurretik. Aklimatazioak eta eguraldiak laguntzen badigute, gailurra zapaltzeko bi aukera izan genitzake”.
Itzulerako txartela hartua dute, eta gailurra zapaldu ala ez, azaroaren 9an bueltan izango dira.