Goiargik hasiko du Urretxuko Udazkeneko Musika Zikloa
Kontzertua igandean izango da. Azaroaren 1ean Letoniako Maska Koris abesbatzak abestuko du. Kontzertuak elizan izango dira, 19:00etan.
Igande honetan Urretxuko Udazkeneko Musika Zikloaren 36. edizioa hasiko da. Lehen kontzertua Urretxuko eta Zumarragako Goiargi abesbatzak egingo du. Azaroaren 1ean Letoniako Maska Koris abesbatzak abestuko du, azaroaren 6an Oskarbi taldeak eta Goiargik eta azaroaren 13an Irungo Nayade abesbatzak. Kontzertu guztiak San Martin de Tours elizan izango dira, 19:00etan.
Zikloa atzo aurkeztu zuten. Ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotziak eta Javier Arratibel Goiargi abesbatzako zuzendariak parte hartu zuten.
Fidalgok zikloa oso errotuta dagoela aipatu zuen. «Iaz ere ospatu genuen, nahiz eta COVID-ak baldintzatuta izan. Hitzordua eskatu eta maskara eraman behar zen arren, kontzertu guztietan eliza bete egin zen. Horrek zikloa errotuta dagoela erakusten du. Aurtengo zikloa normaltasunez ospatuko dugu».
Arratibelek eskerrak eman zizkien musika zikloa aurrera ateratzea posible egiten duten guztiei. «Plazera da zikloa aurkeztea. Urteko zita nagusietako bat da. Goiargiren 40. urteurrena ospatzen ari gara eta 40 urte hauetan Urretxuko Udalaren babesa sentitu dugu. Babes hori gabe, ezinezkoa izango litzateke musika zikloa antolatzea. Eskerrak eman nahi dizkiet Maialeni eta Miren eta Irene teknikariei, parrokiako apaizei eta laguntzaileei, prentsari eta ikusleei», esan zuen.
Goiargiren urteurrena
Abesbatzaren urteurren ospakizunetako ekitaldi nagusia azaroaren 26an izango dela aurreratu zuen. Meza eta kontzertua egingo dituzte. Kontzertuan urte hauetan guztietan Goiargin abestu duten herritarrek parte hartuko dute.
Igande honetako emanaldiari dagokionez, pandemia aurretik prestatzen ari ziren kantak eta errepertoriora gehitutakoak abestuko dituzte. Lesbordes, Tomer, Madina, Sandvold, Tye, Stopford, Forrest, Busto eta Marshall-en obrak abestuko dituzte.
Letoniako Maska Koris abesbatzari dagokionez, Tolosako lehiaketa ospetsuan parte hartzeko etorriko da Euskal Herrira. Urretxun Tolosan abestuko dituzten kanta berberak abestuko dituzte: Euskal Herrikoak eta Letoniakoak, hain zuzen ere. Euskal Herrikoak Lorenzo Ondarraren Bi Gabon kanta eta Josu Elberdinen Izar ederrak eta Ave Maria izango dira.
Talde historikoa
Ez Dok Amairuko kide izan zen Oskarbi abesbatzak, berriz, bere errepertorioko hamaika kanta joko ditu. Horietako bost, Goiargiko kideekin.
Oskarbi duela 56 urte sortu zen eta ordutik hamabi disko argitaratu ditu eta 700 kontzertu baino gehiago egin ditu. Azken diskoa, Kantua zuei, 2021ean argitaratu zuen. Azken bost urteetan hainbat abesbatzekin jo du. Beasaingoarekin eta Lazkaokoarekin, besteak beste.
Aurtengo zikloko azkeneko emanaldia Irungo Nayade abesbatzak egingo du, azaroaren 13an. Emakumeen abesbatza hau 1997an sortu zen. Irungo eta Hondarribiko 30 emakumek osatzen dute eta Alaitz Urkiak zuzentzen du. Donostiako Musika Hamabostaldian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Kalakan eta Kukai taldeekin abestu dute, besteak beste.
Urretxun, Lauridsen, Azurmendi, Whitacre, Elder, Busto, Ugalde, Andreo, Sarasola, Gerrero eta Gjeilo konpositoreen obrak abestuko dituzte.