Zinemetan euskarazko eskaintza egonkorra jartzen hasteko programa pilotuan dago Ataun
Uema mankomunitateak eta Tinko Filmeak elkarteak antolatu duten 'Zinuema' egitarauaren barruan, euskarazko hamabi ikus-entzunezko emango dituzte Herri Antzokian, azaroaren bukaeratik otsailera, asteburuetan.
Zinema aretoetan ohiko eskaintzan euskarak duen presentzia urria gainditu nahian, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Tinko Filmeak elkarteak ‘Zinuema‘ ekimena aurkeztu dute, gaur. Euskarazko film, dokumental eta ikus-entzunezkoen programa bat da, hamabi tituluk osatua. Zinemetan euskarazko eskaintza “egonkor bat” jarri eta iraunarazi daitekeela erakutsi nahi dute.
Zinuema-ren programazioa hasiera Uemako kide diren lau udalerritan eskainiko da lehenengo. Tartean da Ataun, Goierriko bakarra. Igorre (Bizkaia), Etxarri-Aranatz (Nafarroa) eta Azpeitia (Gipuzkoa) dira probarako izendatu dituzten beste hiru udalerriak.
Askotariko film eta dokumentalak proiektatuko dituzte lau herrietan, azaroaren 25eko asteburuan hasi eta otsailaren azkenera arte, asteburu oro. “Proba pilotua ondo joaten bada, eskaintza zabaltzea da asmoa”, aurreratu du Uemak, gaur.
Euskal Herrian kultur kontsumoari buruz egin diren azken azterketetan atera diren emaitza etsigarriek bultzatu dute Uema zinemaren esparruari heltzera. “Azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz Uemak argitaratutako ikerketak ere azalarazi du pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere nerabeek, eta ikusten ari gara horrek eragin nabaria duela hizkuntza-ohituretan”, azaldu du Uemaren lehendakari Iraitz Lazkanok.
Uemaren helburu behinena udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko aukerak bermatzea denez, “beste urrats bat” da Zinuema ekimena. Programa pilotua lagungarri izango da “bihar-etzi eskaintza egonkorrago bat” diseinatu ahal izateko: “Probatu nahi dugu egingarria izango ote litzatekeen etorkizun batean egitaraua eskala handiagora eramatea, herri eta batez ere aste gehiagoko eskaintza batera”, azaldu du Tinko Filmeak etxeko Iñigo Arandiak.
Egitarau hau izango du Zinuema-ren lehenbiziko probaldiak, aipaturiko lau udalerrietan –tartean Ataunen–:
- Azaroak 25-27. ‘Zure Platerean hasten da mundua‘.
- Abenduak 2-4. ‘Izurde mutikoa‘
- Abenduak 9-11. ‘Filmazpit Lupin III‘
- Abenduak 18. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaren emanaldia.
- Abenduak 28-30. ‘The Snow Queen’
- Abenduak 30-urtarrilak 1. Filmik ez, atsedena.
- Urtarrilak 6-8. ‘Nire zirkua’
- Urtarrilak 13-15. ‘Black is Beltza II: Ainhoa’
- Urtarrilak 20-22. ‘Goazen 9.0′, azken kapituluaren aurre estreinaldia
- Urtarrilak 27-29. ‘Irabazi arte 2.0′, lehen kapituluaren aurre estreinaldia
- Otsailak 3-5. ‘Gabi’
- Otsailak 10-12. Emakumea film laburrean dokumental sorta
- Otsailak 17-19. ‘Elkano, lehen mundu bira’
*ZinUema egitasmoaren liburuxka
Euskarazko filmak kopurutan
Tinko Filmeak etxeak 30 urte darama euskarazko zinema komertzialaren eskaintza gabeziari erreparatzen, eta ekimenak planteatzen. Hiru hamarkada igaro arren, gaur egungo egoera ez dela orain 30 urte baino askoz hobea ohartarazi du.
Pantailak Euskaraz herri mugimenduaren datuen arabera, gaur egun, Euskal Herriko ekoizleek sortzen dituzten euskarazko filmak “bi edo hiru” dira, “urterik onenetan”. Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Zineuskadi erakundeak 10-12 film bikoizten ditu euskarara urtean, haurrei zuzendutakoak “denak edo ia denak”, Arandiaren hitzetan.
Streaming plataformei buruzko datuak ere eman ditu Tinko elkarteko kideak: Filmin enpresak euskaraz 65 titulu zeuzkan 2021eko irailean, eta urtebete geroago, aurten, 83 dauzka; Netflixek 3 zeuzkan iaz, eta 44 dauzka aurten; Disney+ kateak ez dauka eduki bat bera euskaraz.
“Azken urtean euskarazko eskaintza igo egin da ikus-entzunezko lege berriaren eta Pantailak Euskaraz eta horrelako mugimenduen presioari esker, baina plataforma hauetan eskainitakoa ez da euskarazko aisialdi normalizatu batek behar lukeen adinakoa”, argitu du Arandiak.