651 bisitarik ikusi dute Igartubeitiko dolarea martxan Sagardo Astean
Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Asteko balorazioa egin du eta zabaldu duenez "lepo bete da" dolare ingurua. Bisitarien %60 gipuzkoarrak izan dira.
Igartubeiti Baserri Museoak urriaren 8tik 14ra egindako Sagardo Asteko balorazioa egin du. Aurtengoan 651 bisitarik ikusi dute dolarea martxan. Aste barruan, 10 talde izan dira bisitan eskola eta euskaltegi ezberdinetatik. Museoak zabaldu duenez, “egunero batez beste 90 bisitari” izan dituzte.
Ezkio-Itsasoko eskolakoek, Urretxuko harrera eskolakoek eta Legazpiko Haztegiko ikasleek bisita errepikatu dute, iaz ere izan baitziren. Gasteizko Egibide Lanbide heziketakoek, Maizpide euskaltegikoek eta Irale euskalduntze programakoek ere ikusi dute dolarea martxan.
“Bisitariek erantzun” dute eta dolare ingurua “lepo bete” da 7 egun horietan. Izen-emateak bete egin dira eta jendea aukerarik gabe geratu da. “Aurten ere jende asko gelditu da urtean behin egiten den jarduera honetaz gozatu gabe. Irailean izena ematea gomendatzen dugu”. Bisitarien %60 gipuzkoarrak izan dira, horietako %21 Goierrikoak izanik. %11 bizkaitarra izan da, eta %24 Arabakoa. Espainiako estatuko bisitariak %3 izan dira, eta atzerrikoak, aldiz %1. “Gipuzkoako Sagardogileen bitartez, Erresuma Batuko, Portugalgo eta Frantziako turismo agentzietako langileek ere izugarri gozatu dute dolarea martxan ikusteaz eta bertako giroaz”.